Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren bide orria giza eskubideetan oinarritutakoa izan behar duela uste du AI Amnesty Internationalek, eta legealdi honetan agenda bat lantzeko hitz egiten hasi da hainbat euskal erakunderekin, tartean Jaurlaritzarekin. Bilera egin berri du Iñigo Urkullu lehendakariarekin.
ETAren biktimen gainean egia ezagutu beharraz jardun zaizkio AI-ko ordezkariak lehendakariari, lehenik ete behin: "Egia, justizia, eta erreparazioa" bermatu behar dira, eta horrek eskatzen du kalteak ordaintzea eta errudunek publikoki egindakoa "onartzea". Baina giza eskubideen beste urraketa batzuk ere onartzen ditu erakundeak: "Agenda horrek bermatu behar du ez dela inpunitatearentzat tarterik egongo ETAk egindako abusu larrientzat, baina ikertu egin behar dira, baita ere, segurtasun indarrek egindako giza eskubideen urraketa larriak".
Inkomunikazioa eta presoak
Inkomunikazioa bertan behera utzi beharra nabarmendu du AIk: "Arau horiekin bat eginez, zigorren legeek aldatu behar dute terrorismoaren alorrean, eta inkomunikazioa indargabetu behar da, nazioarteko hainbat erakundek salatu duten bezala, atxilotuenganako tratu txarren eta torturen bide delako". Horrez gainera, preso guztiek, "ETAkoak barne", kondena beren etxetik gertu bete behar dutela uste du, "betiere posible den neurrian, eta bakarka eskatuz gero".
Iñigo Cabacasen hilketaren harira Ertzaintzaren jokaerari buruzko ikerketa eskatu du. "Ongietorria egiten diogu ikerketa mekanismo independente bat sortzeko lehendakariak egin duen iragarpenari, Ertzaintzak egindako tratu txarren eta beste giza eskubideen urraketen inguruan egon diren salaketak ikertzeko". Indarraren eta istiluen aurkako materialaren erabilerari buruzko protokoloaz informazioa ere eskatu du. Cabacasen gaineko ikerketa "zorrotza" eskatu dio Urkulluri eta publiko egin daitezela ondorioak.
Lehendakariaz gainera, legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin, EAJren Giza Eskubideen Batzordearekin, EH BIldurekin, eta PPrekin egin dituzte bilerak agenda aurkezteko.