BAKEAREN ALDEKO ALKATEEN KONFERENTZIA

Biktimak oroituz eta bakearen abantailak nabarmenduz abiatu dute bake konferentzia

Konferentziaren irekiera ekitaldia. ARGAZKI PRESS
jon olano
2013ko urriaren 10a
15:51
Entzun

Juan Karlos Izagirrek zabaldu du konferentzia. Bere asmoa "zintzoa" dela esanez abiatu du hitzaldia Izagirrek, eta baketzean "maila lokalean gauza asko" egin daitezkeela nabarmendu du: "Betebehar politiko eta morala dugu. Irakaspenak atera eta ekarpen berriak egiteko da konferentzia hau. Denok daukagu ekarpenak egiteko eta ikasteko". Halaber, biktimak izan ditu gogoan: "Oroimena, aitorpena eta justizia behar dute biktima guztiek". Minutu bateko isilunea egin dute haiek oroitzeko.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hartu du hitza hurrena. Esan duenez, ez dira "garai errazak" Euskal Herrian; "batzuek bakeari gerra deklaratu diote". Gipuzkoako alkateen bake nahia handia dela nabarmendu du, eta gaineratu "zeregin eta lan handia" izan arren esfortzuak merezi duela.

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monica Hernandoren esanetan, etorkizuna ezin da eraiki "ezer gertatu izan ez balitz bezala". Beharrezkotzat jo du "duintasunean eta giza eskubideetan" oinarritutako hezkuntza eta komunikazio alorreko estrategiak sustatzea, eta lan horretan ezinbestekotzat jo du udalen ekarpena.

Mezua Hiroshimatik

Hiroshimako alkate eta Bakearen Aldeko Alkateen presidente Matsui Kazumik, berriz, bideo bidez helarazi du mezu bat. Japoniako hiriak 1945ean jasandako eraso nuklearra izan du gogoan, eta txalotu egin du konferentzia antolatu izana: "Denok elkarrekin lan eginez gero, ziur nago gure helburua lortu ahal izango dugula". "Mundu baketsu bat, gerrarik eta gatazkarik gabea posible" dela gaineratu du.

Bixente Zaragueta konferentziaren ohorezko patroiak egin du harrerako azken hitzaldia. Uste du konferentziak ekarpena egingo diola bake prozesuari, baina eskatu du inork ez dezala egiasmoa baliatu alderdikeriaz jokatzeko. Biktimak izan ditu mintzagai; haientzat "justizia, egia eta erreparazioa" galdegin du, baina ohartarazi du barkamena ezin dela "exijitu". Hala, besteak beste Eulalia Lluch Ernest Lluch ETAk hildako politikariaren alabarena bezalako jarrerak goraipatu ditu: "'Barkatu dut, ez dudalako bizi osoa mendeku gosez pasa nahi', zioen".

"Bakeak Belfast eraldatu du"

Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatea da Donostian gaur-biharretan egingo duten bake konferentzian parte hartuko duten alkateetako bat, eta hura elkarrizketatu du Euskadi Irratiak. Irlanda iparraldeko egoera izan du abiapuntu, eta ondoren Euskal Herriko bake prozesuari heldu dio. Gogorarazi du Belfasteko Udalera iritsi zenean, 1987an, "oso garai gogorra" zela, baina gaineratu du bakeak hiria "eraldatu" egin duela: "Irlandan gehien hazten ari den hiria da".

"Ez naiz bereziki aditua, baina bakeak onura handiak ekar diezazkioke Euskal Herriari", esan du. Aitortu du "frustrazio handia" antzeman duela abertzale batzuen artean aldaketaren abiaduraren inguruan, "baina inork ezin du espero hau erraza izango denik".

Izan ere, O Muilleoirren hitzetan, "jende asko saiatuko da bake prozesua geratzen, jende asko dago erosoago gatazkan, baina aurrera jarraitu beharra dago".

ETAren balizko desarmeaz ere mintzatu da, IRAren esperientzia gogora ekarrita. Esan duenez, Irlandan desarmearen gaia erabili zen IRAren errendizioa bilatzeko, baina bide horrek ez zuela arrakastarik izan oroitarazi du: "IRAren eta Erresuma Batuaren artean ez zen irabazlerik ez galtzailerik izan".

Presoen inguruan, O Muilleoirrek adierazi du ezin dela bake prozesurik izan presoak aintzat hartu gabe, eta konponbiderik ez dela presoen auzia bideratu gabe. Hori horrela, baikor azaldu da, ETAk urratsak egiten dituen heinean Espainiako Gobernuari "zailago" izango zaiolako gai horri ez heltzea.

Eskubideen interdependentzia

Etena egin eta gero, 12:00etan Carlos Villan Duran Giza Eskubideentzako Nazioarteko Zuzenbideko Espainiako Elkarteko lehendakariak berrekin dio konferentziari. Giza eskubideen arteko mendekotasuna dagoela azaldu du, argudiatuta ezin dela bakerako eskubideaz hitz egin, adibidez, jendea gosez hiltzen bada: "Bizitzarako eskubidea lotuta dago bakerako eskubidearekin". Beraz, bakea giza eskubide gisa aitortu behar dela azpimarratu du.

Munduko arma salerosketa salatu du Villanek, eta gaineratu armak dauden bitartean bakerik ez dela egongo. "Mota guztietako egiazko desarme baterantz jo beharra dago, Nazio Batuen Erakundeak kontrolatuta", esan du. Horrekin batera, argudiatu du ura izateko eskubidea oinarrizkoa dela: "Urik ez duena ez da bizi".

Indarkeria armatuaz gain, beste indarkeria eredu batzuk badirela ohartarazi du, eta indarkeria kulturala aipatuta, genero indarkeria jarri du adibide gisara: "Nola aldarrika dezakegu bakea, bake hori gizateria erdiaren menderatzearen gainean eraikitzen bada?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.