Biktimen aurrean aurpegia emateko eskatu du PSEk

Pastorren eta Lopezen ustez, Bilduri dagokio elkarbizitzaren bidean lehen pausoa ematea eta biktimak aitortzea

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
PSE-EEk «aitzakiak alde batera» utzi eta biktimen aurrean aurpegia emateko eskatu dio Bilduri. Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak uste du ezker abertzaleak bere militanteak asebete nahi dituela. Bere ustez, EA eta Alternatiba «euren koaliziokideak» babesten ari dira, eta «ETAren biktimei beti bizkarra eman dietenak zuritzen ari dira». Pastorrek deitoratu egin du bi alderdi horien jarrera, eta uste du emandako azalpen «nahasgarriek» ez dituztela euren alderdiko kideek ulertzen.

Pastorrek adierazi egin die EAri eta Alternatibari zer esan beharko lioketen Bilduko beste bazkideei: «Konbentzitu egin beharko lituzkete etorkizuneko elkarbizitza ez dela eraikiko elkarbizitzatik eta eragindako minaren aitortzatik ez bada. Orduan soilik hitz egingo dugu beste kontuez», aipatu du. «Ez atzera ez aurrerako egoera batean gaude. Indarkeria baztertzen dute, baina ez haren ondorioak», gaineratu du.

«Zaila» izan arren, ausardiaz jokatzera eta «terrorismoaren biktimen kritika zuzenari» aurreegitera dei egin die Bilduko kideei. «Zerbait egin behar dute, eta egiten dutenean, eremu desberdinak irekitzen joango dira. Luzea eta zaila izango da, baina bidea egiten hasi behar dira orain bertan. Ez dago aitzakiarik, izan daitezela demokratak».

Ildo beretik jo du Patxi Lopez EAEko lehendakariak. Bere blogean idatzi du ezker abertzaleari botoak «burura igo» zaizkiola eta biktimen aurrean «jarrera harroputza» hartu duela. «Ematen du ez dutela ulertu erakunde demokratikoek aukera bat eman dietela demokraziaren parte izateko, eta ez besteen kontura iseka egiteko». Haren ustez, elkarbizitzaren bidea eraikitzeko lehen pausoa «ETAko biktimen eta eragindako minaren aitortza» da.

Bilduren erantzuna

Atzo, Iruñean, Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak prentsaurrekoan «biktimen mina politikoki erabiltzeari uzteko» dei egin zien PPri eta PSOEri. Berriozarren ETAk hildako Francisco Casanovaren hilketaren urteurrena izan zen herenegun, eta lore eskaintzan ez ziren izan Bilduko ordezkariak —ezta NaBaikoak ere—. Hori dela eta, Ramirezek erantzun du ez direla tranpan eroriko, eta jasotako kritikak gehiegizkoak direla deritzo.

Haren ustez, argi eta garbi dago koalizioak bide politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa duela, eta hala programan nola Gernikako akordioan biktimak aitortuak izateko eta gogoan hartzeko konpromisoa duela. Polemika antzua dela deritzo. Ramirezek gogorarazi du Bilduko ordezkariak Joxe Mari Kortaren omenezko elkarretaratzean izan zirela. «Hala eta guztiz ere, ematen du batzuk nahiago dutela gu omenaldi horietara ez joatea». Polemikak alboratu eta bakearen aldeko esfortzu gehiago egitea exijitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.