Biktimen auzian arduraz jokatzeko eskatu die PSE-EE eta PPri Garitanok

Diputatu nagusiaren ustez,«iritsiko da bakoitzak eragindako minari buruz gogoeta egiteko eguna»

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu San Ignazio bezperan, Loiolako basilikaren aurrean, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkartearekin bildu izanak eta euskal presoen eskubideen alde adierazpenak egin izanak. Ekitaldi hartan ETAren biktimak gogoan ez hartzea leporatu diote PSE-EEk eta PPk, eta azalpenak eskatu dizkiote diputatu nagusiari. Garitanok, baina, uste du bi alderdi horiek azaroaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira egin dituztela kritika horiek, eta biktimen auzian arduraz jokatzeko eskatu die. Hori hala, gai horrekin «demagogia» eta «hauteskunde propaganda» egitea leporatu die bai alderdi sozialistari bai PPri.

Azpeitiko ekitaldiarekin lotuta, Garitanori leporatu diote, besteak beste, Loiolako basilikatik hurbil 2009an ETAk hildako Inazio Uria enpresaburua ez gogoratzea. «Egun horretan ez zegon Inazio uria gogoratzeko ekitaldirik antolatuta. Edonola ere, gure jarrera argia da biktimen inguruan eta haien mina aitortzeko orduan».

Garitanok adierazi duenez, euskal gatazkan askotariko biktimak daude, eta horien guztien «mina» aitortu behar da. Hala ere, nabarmendu du hori egiteko unea ez dela iritsi oraindik, «gatazka honetatik ateratzen ari garelako». «Bakoitzak eragindako minari buruz gogoeta egiteko eguna helduko da», esan du Garitanok.

Antzera mintzatu da Jose Inazio Munilla Donostiako gotzain nagusia. Hark Loiolako basilikako homilian egindako damu eskaria bereziki ETAko kideei egindakoa izan zela gogoratudu, baina argitu du «beste guztiak» ere gogoan izan zituela. «Errudunak besteak direla esateko joera dugu guztiok, eta asko kostatzen zaigu errua geurea ere badela onartzea», adierazi du Munillak.

«Mikroskopioa» jarrita

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, egun hartako ekitaldian Etxerat-eko ordezkaritza batekin bildu zen Loiolako basilikaren aurrean. «Legezko elkarte bat da Etxerat», nabarmendu du, «eta euskal presoen senide eta lagunek osatzen dute. Haiengana hurbildu eta haiek agurtzea ez da delitu bat, eta aurkako ulertzen duena demokrazia gutxiko parametroetan dabil», gaineratudu Garitanok.

Era berean, Parot doktrina gisara ezagutzen den Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina salatu izana ere leporatu diote diputatu nagusiari. Hark azaldu duenez, Auzitegi Konstituzionalean eztabaidatzen ari dira doktrina horren inguruan. «Eta litekeena da, gainera, uda ostean bertan behera uztea», gaineratu du.

Espainiako Auzitegi Nazionalean uztailean epaitu zituzten Oiartzualdeko hamasei gazteen ordezkaritza bati foru jauregian harrera egin izanagatik ere kritikatu dute Garitano. Diputatu nagusiak uste du gipuzkoarren ordezkari den heinean gazte horien aurkako epaiketaren berri jaso behar zuela. Gogorarazi du, halaber, gazte horiek atxiloaldia amaitu ostean torturak salatu zituztela.

Garitanok adierazi duenez, Bilduko ordezkari instituzionalen jarduera «mikroskopio» batekin aztertzen ari dira zenbait agintari politikok. «Eta hori antidemokratikoa izateaz gain legez kanpokoa ere izan daitekeela uste dut», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.