Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Bilbon

Biktimen babes neurriak, auzitan

Jaurlaritzak dio Mendozaren kasuan ez dela hutsik egon eta urruntzea urratzen denean erantzun egiten dela: aurten, 464 aldizGenero indarkeriaren kontra diharduten taldeek diote babes neurriak urriak direla

Donostian, Bulebarrean egin zuten protesta atzo iluntzean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berretsi egin du Deisy Mendozaren kasuan jarraitutako protokoloa eta hartutako babes neurriak egokiak izan zirela. Bortxa telefonoa zaintzarako bitarteko «eraginkorra» dela adierazi du Mariola Serranok, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendariak, kasuaren larritasunarekin bat zetorrelako. Betiere, tresna hori beste hainbat neurrirekin batera ezartzen dela gogorarazi du. «Emakumeei beharrezko sostengua emateko, informazio eguneratua ezinbestekoa da, eta urruntze aginduak urratzen badira, Ertzaintzari abisua eman behar dio andrazkoak. Aurten dagoeneko 464 aldiz joan dira ertzainak urruntze aginduen urratzeak argitzera. Zoritxarrez, Mendozak ez zituen gizonaren jazarpenak jakinarazi», adierazi du. Biktimekin lanean diharduten erakundeetako ordezkariek, ordea, zalantzan jarri dituzte hartutako neurriak.

Andrea taldeko koordinatzaile Tere Saezen arabera, Mendozaren kasua «larria» zen, salaketak eta urruntze agindua ezarri zirelako haren senar ohiaren aurka. «Ez dut ulertzen egoeraren larria zalantzan jarri izana». Bilgune Feministako Miren Aranguren ere bat etorri da: «Ez dakit zeren arabera ezartzen dituzten arrisku egoerak».

Clara Campoamor elkarteko zuzendari Blanca Estrella Ruizek, bestalde, gogoeta egiteko eskatu die erakundeei: «Nola da posible, zuzenbide estatu batean eta salaketa jarri arren, emakume bat bikotekide ohiak hiltzea?», galdegin du. Asteleheneko hilketa dela eta, «amorrua» sentitzen duela adierazi du.

Serranoren arabera, autokritika eta gogoeta egitea nahitaezkoa da. «Indarrean dauden prozedurak hobetu nahi ditugu». Bilboko Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da Mendozaren kasuan; Eusko Jaurlaritza, ordea, ez, «horretarako gaitasunik ez duelako».

Espainiako Gobernuak herenegun jakinarazi zuen ikerketa hasiko duela kasuan «hutsegiterik» egon den jakiteko. Dena den, Serranok argi dauka Eusko Jaurlaritzaren lana ez dela zalantzan jarri. «Kasu bakoitza ongi aztertu behar da, bertatik ikasi eta aurrerantzean prozedurak hobetzen jarraitzeko».

Bortxa telefonoa, nahikoa?

Sakelako telefonoari hobekuntza nabarmenak jarriko dizkiotela iragarri du Serranok. «Urte amaiera baino lehen kontrol tekla berri bat izango du tresnak, eta hori sakatuta, biktima non dagoen zehatz jakin ahal izango dute ertzainek GPS sistemari esker».

Saezentzat, aldiz, telefonoa ez da nahikoa. «Sakelako telefonoaren sistema ez da eraginkorra, bere burua defendatzeko ardura emakumearen esku uzten duelako». Gainera, azaldu du bi faktore hartu behar direla kontuan: «Batetik, emakume ororentzat zaila da maite duen hori salatzea, sentimenduak tarteko daudelako; bestetik, atzerritarren kasuan, egoera are eta zailagoa da, salaketa jarrita gizonezkoa sorterrira itzularaziko dutela uste dutelako,eta emakumea ez delako gai sentitzen bere seme-alaben aita denari hori egiteko».

Arangurenen ustez, salaketa eta urruntze agindua ezarrita daudenean «lotsagarria» da emakumeari sakelakoa soilik eman izana. Kasu bakoitza aztertzea ezinbestekoa dela uste du, baina babes plan orokor baten beharra dagoela nabarmendu du Bilgune Feministako kideak: «Andrazkoak ezin dira isildu, eta genero indarkeriaren biktima huts bilakatu».

Hiru eragileotako ordezkarieklaguntza sistema berriak eskatu dituzte. Saezen hitzetan, urruntze agindua hausten den unean bertan alarma batek salto egin beharko luke polizia etxean, emakumeak deirik egin beharrik gabe. Arangurenek, bestalde, «emakumeen arteko sare sozialak» lantzeko beharra agerian utzi du. «Maiz erasotzaileak emakumeak bakartzen saiatzen dira, isilarazteko. Auzuneetan, herrietan eta norberaren inguruan andrazkoen sareak garaturik baleude, ostera, gizartearen babes handiagoa jasoko lukete genero indarkeriaren biktimek».

Estrella Ruizek «dolu gutxiago eta eraginkortasun handiagoa» eskatu du. «Sakelakoa ez da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako legedietan jasotzen duen neurria; sakelakoa babes falta estaltzeko aitzakia baino ez da», esan du.

Azken bi hilketak kontuan hartuz —uztailaren 3an, Hernanin Rosario Roman hil zuen bikotekide ohiak—, protokoloak eguneratzea premiazkoa dela uste du Saezek. Arangurenentzat, ezin da kasu bakoitza salaketa kopuruaren eta urruntze aginduaren arabera ebaluatu: «Salaketak behatzea soilik okerra da». Horrenordez, prebentzioan, koordinazioan, babes protokoloetan eta jendearen kontzientziazioan inbertitu behar dela nabarmendu du, ezbeharrak gertatu ostean atsekabetzeak ez duelako «ezertarako balio».

«Azken hilketa hauen aurrean ezin gara deus egin gabe geratu, gizarteak erasoei erantzun behar die», esan du Estrella Ruizek. Horregatik, euskal gizarteari dei egin dio inguruan dauzkaten kasuak salatzeko. «Gaur egun, indarrean dauden legeekin, ez litzateke andrazko bat bera ere hil beharko, eta dagoeneko gehiegi dira zendutakoak», ohartarazi du.

Patxi Lopez EAEko lehendakariak ere gogor salatu du iragan asteleheneko erasoa. «Genero indarkeria emakumeen aurkako terrorismoa da, eta argi dago zerbaitek huts egiten duela, oraindik horrelako kasuak behin eta berriro gertatzen direlako». Eusko Jaurlaritzak prebentzioa sendotuko duela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.