Konponbideari begira

Biktimen, presoen eta memoriaren alorrak sakonduko ditu Foro Sozialak

Uste du badaudela "elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko" baldintzak. Topaketak antolatuko ditu datozen hilabeteetan, eta proposamen bat lantzen ari da.

Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozialeko eledunak, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko irailaren 17a
13:36
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak urte politiko berrian sakondu egin nahi du euskal gatazkako biktimen arteko elkarlanean, euskal presoei buruzko eztabaidan eta memoria barneratzailearen lanketan, Agus Hernan eta Teresa Toda eledunek Donostian emandako prentsaurreko batean esan dutenez. Foroak uste du iazko maiatzean ETA desegiteak "elkarbizitza demokratikoaren eraikitze fasea irekitzeko baldintzak" sortu zituela eta aukera hori baliatu beharra dagoela. Deitoratu egin du Espainiako Gobernua eratzeko dagoen "ezegonkortasuna", "aurrerapausoak atzeratzen ari delako".

Indarkeria mota desberdinen biktima "guztiei" egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatu behar zaiela adierazi dute Todak eta Hernanek; euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aurkako "salbuespen" egoera salatu dute, eta haiek "gizarteratzeko araudi arrunta" ezartzeko eskatu; eta deritzote "memoria kritikoaren eta barneratzailearen" norabidean aurrera egin behar dela, "dauden kontakizun guztiak onartuz eta alderdien arteko 'kontakizun guda' amaigabea gaindituz".

Foro Sozialak jendaurreko topaketak antolatuko ditu datozen hilabeteetarako, ardatz horiek langai hartuta. Nazioarteko eta tokiko bertako esperientziak jaso nahi ditu. Emango ditu xehetasunak aurrerantzean.

Gainera, "elkarbizitza demokratikoari buruzko sakoneko ekarpena" egiteko proposamen bat lantzen ari da.

Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioan parteen artean egon zen akordioaz Hernanek adierazi du Foro Sozialak errespetatzen duela egin zen hitzarmena, eta bilguneak, batez ere, gaiaren inguruan Euskal Herrian egon den "adostasun zabala" nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.