Bi asteetako kanpainaren ostean, atseden eguna dute indar politikoetako hautagaiek. Gogoeta eguna familiarekin igarotzeko baliatu dute horietako ugarik; tartean, PP, Ahal Dugu eta Orain Baterakoek. PSEko Bizaiko zerrendaburu Patxi Lopez, esaterako, egunotan boluntario lanetan aritutako alderdikideekin elkartu da, eta EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia, adibidez, preso daukan laguna bisitatzera joan da. EAJko Aitor Esteban, berriz, erosketak egitera joan da.
Igandean, Bilbo eta Iruñea izango dira alderdien egoitza nagusiak hauteskundeetako emaitzak jarraitzeko. EAJ, PSE eta Orain Baterakoak beren egoitzetan elkartuko dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugukoak, ordea, Bilborocken. PP Gasteizko Canciller Ayala hoteletik behatuko die emaitzei.
Iruñeko Katedral hotela izango da EH Bilduren egoitza hauteskunde iluntzerako, eta Iruña Park hotela, berriz, UPN-PP hautagaitza bateratuarena. Nafarroako hiriburuko beste hotel bat izango da Geroa Baikoen elkargune: Hiru Errege Hotela. Nafarroako Ahal Dugu Arrotxapea auzoan duen egoitzan elkartuko da, eta bere egoitza aukeratu du PSNk ere, Sarasate pasealekuan.