Bizkaiko adinekoen egoitzetako ELAren hainbat ordezkarik eta langilek mobilizazioa egin dute gaur goizean. Lan hitzarmen berria osatzeko negoziaketetan dabiltza patronalarekin eta izan zuten azken negoziazio mahaitik altxatu egin ziren. Errespetu faltatzat jo zuten patronalaren eskaintza. "Lan erreforma indarrean jarri nahi dute eta murrizketa mordoa aplikatu nahi dizkigute. Aurreko hitzarmenean sartu nahi ziguten guztia sartu nahi digute berriz ere".
Horrela bada, auto karabana osatu dute eta Bilboko 11 zahar etxetara joan dira euren lan eskubideak aldarrikatzera. Argi adierazi dute orain arte lortu duten guztia greba eta mobilizazioen bidez lortu dutela, eta horrelaxe jarraituko dutela. “Ez dugu onartuko bigarren mailako langileak bezala tratatu gaitzaten, kokoteraino gaude”, azpimarratu du Soraya Garcia ELAko ordezkariak.
Egaña kaleko Olimpia egoitzan, grebalari batek salatu duenez, hango mantentze lanen arduradunak mehatxu egin dio eta erasotzeko zorian egon da. Pegatinak eta pankartak gero berak kendu behar dituela izan da haren argudioa. Horrez gain, ez da bestelako iskanbilarik sortu mobilizazio guztian zehar.