2011n sortu zen Harrobia lanbide ikastola, Bilbo Zaharrean. Portugaleteko Ibar Ezkerra lanbide ikastolak eta hainbat ikastolak Bilbon lanbide heziketa bat sortzeko proiektutik sortu zen. “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osteko proiektua da Harrobia, eta Bizkai osora zabaldu nahi dugu”, adierazi du Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Ibilaldiaren aurkezpen agerraldian.
Lanbide heziketako zikloen kopurua handitzea da ikastetxeak duen helburua, eta 2015eko Ibilaldian jasotzen den dirua horretarako erabiliko dutela azaldu du Fernando Garrigos Harrobia ikastolako zuzendariak: “Harrobia proiektua Bilboko eta Bizkaiko gizartean, ikastetxean eta ikastoletan ezagutarazi nahi dugu”.
Harro ibili da datorren ediziorako hautatu duten leloa: “Euskal Herriko lanbide heziketaz harro gaudelako eta gizartean izaten diren aldaketetarako egokitzeko ibiliz egin beharko dugulako”, adierazi du Garrigosek.
Maiatzaren 31ko jaialdiaren ibilbidearen inguruko zehaztapenak aurrerago emango dituzte. Miribilla auzoaren inguruetan izango dela aurreratu du Tellituk, baina guztiz zehaztu gabe dute oraindik.
Ibilaldia
Bilboko Harrobia lanbide ikastolak antolatuta egingo da 2015eko Ibilaldia, maiatzaren 31n
Bizkaian euskarazko Lanbide Heziketa bultzatzea da datorren jaialdiaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu