Bilboko manifestazioaren aurka salaketa aurkeztu du Fiskaltzak

Terrorismoaren gorazarre delituaren zantzuak nabaritu ditu, eta deitzaileak galdekatzeko eskatu dio Pedraz epaileariPSEren eta PPren irudiko, ezker abertzaleak galdu egin du ETAtik bereizteko aukera

Larunbateko manifestazioaren amaieran hartutako irudia, Bilboko udaletxean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Larunbatean, azken urteetan Bilbon izan den manifestaziorik jendetsuenean milaka herritarrek euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskatu ostean, atzo Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ekitaldi publiko horren aurkako salaketa aurkeztu zuen. Terrorismoaren gorazarre delituaren zantzuak ikusi ditu fiskalak, eta, horregatik, Santiago Pedraz epaileari igorritako idatzi batean eskatu du manifestazioaren deitzaileak galdekatuak izan daitezela. Gehiago ere eskatu dio Pedrazi: Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari agintzeko deialdiaren eta manifestazioaren nondik norakoen inguruko «txosten zorrotza» egin dezatela.

Hain justu, Jesus Alonso fiskalaren eskaerari men eginez, Pedraz epaileak atzera bota zuen ostiralean PPk eta ETAren biktimen elkarte batzuek manifestazioa debekatzeko egindako eskaria, eta baimendu egin zuen martxa. Pedrazek ez zuen antzeman «manifestazioaren antolaketan ETA edo beste erakunde terrorista bat dagoela esateko oinarririk». Hala ere, Guardia Zibilari, Ertzaintzari eta Espainiako Poliziari galdegin zien beharrezko segurtasun neurriak hartzea eta manifestazioan «delituzko» adierazpenak edo pankarta eta leloren bat entzun eta ikusiz gero, deialdia bertan behera uzteaz gain haren egileak atxilotzea.

Manifestazioa amaitu eta bi egunera, fiskalak delitu zantzuak antzeman ditu, eta esku hartzeko eskatu dio Pedraz epaileari. Delitu zantzuak daudela adierazteko fiskala hainbat komunikabideren informazioetan oinarritu da. «Aipatu erakunde terroristaren postulatu ideologikoekin bat egiten duten leloak oihukatu zituzten, eta erabaki judizialak ezarritako mugak urratu. Gertaerok, lehen batean eta ondorengo balorazioak alde batera utzirik, terrorismoaren gorazarre delitua izan daitezke». Hartara, Pedrazi eskatu dio segurtasun indarrei txostenak bidaltzeko agintzeko. Besterik ere eskatu dio epaileari, bertan izandako telebista kateek manifestazioko irudiak eman ditzatela. Pedrazek izango du azken hitza.

PSEren eta PPren balorazioa

Manifestazioaren biharamunean hitz egin zuten alderdi bakarrak PSE-EE eta PP izan ziren. Aurretik egin legez, kritiko azaldu dira martxarekin. Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak «beste garai bateko» manifestaziotzat jo zuen larunbatekoa, «honako hau ez baita Eusko Jaurlaritzari edo Espainiako Gobernuari edo demokraziari mugimenduak egiteko eskatzeko garaia». Pastorren aburuz, egoeraren «errudun bakarra» ETA da.

Atzo ETAk su-eten iragarpenaren berri eman aurreko adierazpenak dira, eta Pastorrek dio hor manifestazioko partaideek «aukera bikaina» galdu zutela ETAri eskatzeko indarkeria betiko utz dezala. «Manifestazioan entzun ziren oihuak gobernuarentzat eta estatu demokratikoentzat ziren, baina ez gobernuari ez alderdi demokratikoei ez dagokie presoen egoeraren inguruko ardura».

Pastorrek azpimarratu du ETAri dagokiola mugimendua egitea: «Dagokiona egin behar du, betirako desagertzea». Pastorrek azaldu du ezker abertzaleak hurrengo foru eta udal hauteskundeetan aurkeztu eta politika egin ahal izateko, «ETAri eskatu behar dio behin betiko desagertzea modu irmo eta argian, zalantzarik eta ñabardurarik gabe».

Pastorren berditsu aritu zen Leopoldo Barreda PPko eleduna. Haren ustez, manifestazioaren testuinguruan, ezker abertzaleak «ETAtik bereizi eta baldintzarik gabe desegiteko» exijitu behar ziokeen. «Aukera galdu du gertaerekin frogarazteko ETAren hausturaren aldeko apustua egiten duela».

Haren ustez, Bilboko manifestazioan ez zuten haustura hori irudikatu: «Guztiz alderantziz,parte hartu zuten alderdi demokratikoak Batasunaren zerbitzura jarri ziren». Barredaren irudiko, EAk, Aralarrek eta Alternatibak erakutsi dute ez direla gai «politika propio eta autonomo» bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.