Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak ohartarazi du Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak Yemen "masakratzen" ari direla 2015etik. "Terrorismoaren kontrako borroka" aitzaki hartuta, "eskolak, azokak, etxebizitzak, ospitaleak eta biztanleria zibila dagoen toki oro" bonbardatzen ari direla salatu du. Orain arte, gerrak 60.000 hildako baino gehiago utzi ditu, plataformaren esanetan, eta hainbat parlamentuk eta nazioarteko erakundek Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuen jarrera salatu dutela nabarmendu du.
Euskal Herrian ere Yemengo egoera gaitzesteko beharra ikusten dute. "Hemen bizi garenok badugu zerikusirik itxuraz hain urrun gertatzen ari den guzti horrekin. Izan ere, gure portutik, agintarien oniritziarekin eta gure laneskuarekin, arma eta lehergaiak kargatzen dira hilero, orain gertatzen ari den moduan, gerra anker bat sustatzen ari den Saudi Arabiako diktadurarentzako".
Salmentaren "ardura katea" etetea galdegin du, eta Bilboko portua "ardura kate" horren katebegi izateari uztea.
Ongi Etorri Errefuxiatuak-en hitzetan, gerrak ez ditu "heriotza eta txikizioa" bakarrik eraginten; aldiz, "babes eta asilo bila aritzera behartzen dituen pertsonen kanporatzea" ere sortzen du.
Elkarretaratzearekin bat egin dute Greenpeace elkarte ekologistako hainbat kidek. Atzo, protesta ekintza ikusgarria egin zuen Greenpeacek Bilboko portuan. Bahri Tabuk itsasontziaren inguruan kokatu ziren hainbat ekintzaile, uretan, pankartak zabalduta. Beste batzuk, ontziaren amarraduretatik zintzilikatu ziren. Itsasontzi horrek Saudi Arabiara armak eramango dituela ziurtatu zuten.