«Gehiegizko prezioa» duen errepidea da Bilboko hegoaldeko saihesbidea. Hori esan zuen, atzo, Amaia Martinezek, Sintrabi Bizkaiko garraiolari autonomoen sindikatuko idazkariak. Egas garraiolarien sindikatuko eta Asetravi garraiolarien patronaleko ordezkariekin batera emandako prentsaurrekoan, Martinezek jakinarazi zuen Bilboko hegoaldeko saihesbide berriari «boikota» egiteko asmoa dutela, hura erabiltzeak ekarriko lukeen gastuari aurre egiteko modu gisa. Alternatiba gisa Txorierriko igarobidea erabiliko dutela ere adierazi zuen sindikatuen bozeramaileak.
Kamioilariei mesederik ez egiteaz gain hegoaldeko saihesbidea kaltea ere eragiten dien azpiegitura dela azaldu zuen Sintrabiko idazkariak. Izan ere, garraiolari batek hilean egiten dituen joan-etorriak kontuan hartuta, bidesarietan bakarrik 800 euro ordain ditzakeela erantsi zuen Martinezek, krisi garai honetan diru kopuru hori asko dela esatearekin batera. «Sektore honen krisi sasoi honetan ezin dugu gure gain hartu gastu zama hori».
Bizkaiko garraiolarien ustetan, Bilboko azpiegitura berriak ordainsari merkeagoak izan beharko lituzke. Era berean, zenbat eta joan-etorri gehiago egin orduan eta beherapen handiagoa beharko luketela ere erantsi zuen Martinezek. Horregatik, garraiolarien ordezkariek azaldu zuten ez zaiela borondate eta gogorik falta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bilera egin eta ados jartzeko. Hala ere, akordiorik lortu ezean neurriak hartzea ez dutela baztertzen ere erantsi zuen Martinezek: horietako bi mobilizazio edota geldialdi partzialak egitea izan daitezke.
Hegoaldeko saihesbidearen kilometro bakoitzaren ordainsaria «euro bat ingurukoa» izango dela ere esan zuen Martinezek. Gainontzeko autobideen kasuan, berriz, hamabost edo hogei zentimo ordaintzen direla. Hori dela eta, Bizkaiko garraiolarien ordezkariek nabarmendu zuten bidesarien prezioen zirriborro bat egin zutela eta errepidearen prezioak moldatu eta merkeago bilakatu zituztela. Baina Bizkaiko Foru Aldundiak erabakitako ordainsaria hasierako bera dela kritikatu zuen Martinezek, eta adierazi garraiolariak ez dituztela aintzat hartu. Hori dela eta, garraiolariek salatu zuten foru ordezkariek ez dutela erakutsi «sentikortasun txikiena ere».
«Guztion eskura»
Itziar Garamendi Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatuaren iritziz, hegoaldeko saihesbidea «guztion eskura dagoen eta irabazi asmorik ez duen errepidea» da. Horrez gain, urte luzeetan jende askok pairatu izan dituen A-8 autobideko auto ilarak eta istripuak eragotziko dituela gaineratu du Garamendik.
Garraiolariek azken egunetan plazaratutako kexei erantzunez, diputatuak nabarmendu du inork ez dituela behartzen hegoaldeko saihesbidea erabiltzera. Ibilgailu astunei eta salgai arriskutsuak daramatzatenei A-8 autobideak zeharkatzen dituen Bilboko hainbat auzotarako sarbidea debekatu zaiela bakarrik. Baina hainbat aukera dituztela erantsi du. «Kamioilariek errepide berriak Bilbo zeharkatzen duen tartea erabil dezakete, edota saihesbide osoa. Hirugarren aukera gisa Txorierriko igarobidea daukate». Garamendik nabarmendu du ibilgailuek unean-unean egokiena iruditzen zaien aukeraketa egingo dutela. Era berean, nabarmendu du goizegi dela gaurko egunez Txorierriko igarobideak izan dezakeen «geldiarazteaz» hitz egiteko.
Garamendik argitu du azpiegitura berria irekita egon den hiru egunetako emaitza «positiboa» dela. «Guztira 109.100 ibilgailuk erabili dute; horietatik 7.000 astunak». Horrez gain nabarmentzeko gora-beherarik ez dela izan esan du. Saihesbideak bisitari gehien izan zuen eguna igande arratsaldea izan zen. Egun horretan 42.700 ibilgailu igaro ziren errepide berritik; gehienak asteburu pasa Kantabrian egondako bizkaitarrak izan ziren. Larunbatean 30.000 ibilgailuk erabili zuten. Zirkulazio handiena iluntzeko 20:00etatik 21:00etara igaro zen: 3.300ibilgailu. Herenegungoa izan zen erabiltzaileen lehen laneguna. Astelehenean 16.400 ibilgailu igaro ziren hegoaldeko saihesbidetik, horietako 5.136 astunak.
Horrez gain, hilaren 25ean jarriko dute martxan A-8 autobideko errail itzulgarria Bizkaiko noranzkoan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kantabriako zirkulazio arduradunek atzo egin zuten bilera, eta hasiera batean erraila proba gisa abiaraztea erabaki zuten. Errail itzulgarria hegoaldeko saihesbidera iritsiko da, eta, ondorioz, erabiltzen dutenek bidesaria ordaindu beharko dute.
Bilboko saihesbide berriari «boikota» egingo diote garraiolariek
Guztion eskura eta irabazi asmorik ez duen errepidea dela dio Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu