Garraiolarien sindikatuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostutakoaren ostean, kamioilariei %35 jaitsiko dizkiete Bilboko hegoaldeko saihesbideko bidesariak. Hala, pisu eta luzera handiko kamioiek 4,38 euro ordainduko dituzte ibilbide osoa egiteagatik, eta txikiek, 3,89. Orain arte, 6,74 euro ordaintzen zituzten handiek, eta 3,89 txikiek. Gainera, hilabetean gutxienez hogei bidaia egiten dituztenek %13ko beherapena izango dute. Bi aldeen arabera, «ona» da akordioa.
Orain hilabete zabaldu zuten Bilboko hegoaldeko saihesbidea. Garraiolariek hasieratik salatu zuten bidesariak «gehiegizkoak» zirela eta egungo krisi garaian «pentsaezina» zela ordaintzea. Hala, errepideari boikot egitea defendatu zuten. Aldundiak, haatik, esan zuen Europako Batasuneko zuzentarauari egokitutako prezioak zirela baina prest zegoela negoziatzeko. Azkenean, herenegun lortu zuten ados jartzea. Itunean jasotzen denez, gainera, datorren urtean ere mantendu egingo dituzte prezioak, nahiz eta KPI kontsumorako prezioen indizeak gora egin.
Hiru garraiolarien sindikatuaren arabera, lortutako akordioa «ona» da. «Batik bat Bizkaiko garraiolarientzat izango da onuragarria, haiek erabiltzen baitute gehien errepidea. Prezioa A-8an ordaintzen denera egokitu dute». Hiruren ustez, gainera, garrantzitsua da adostutakoa berrikusteko aukera izatea. «Aldundiak konpromisoa hartu du ibilgailu astunen joan-etorrien jarraipena egiteko. Horrek aukera ematen du etorkizunean prezioak gehiago doitzeko». Gainerako sindikatuentzat ere akordioa lor zitekeen onena da. «Baina ez guk nahi genuena». Hala, nabarmendu dute Europako Batasunak prezioak onartuko ez balitu berriro hasi beharko luketela negoziatzen.
Itziar Garamendi Bizkaiko Garraio diputatuak iritzi dio bi aldeentzat dela egokia hitzartutakoa. Dena den, gogorarazi du jaitsiera horren ondorioz aldundiak diru gutxiago jasoko duela errepidea mantentzeko. «Galera horri aurre egiteko dirua herritar guztiek ordaindu beharko dute, zergen bidez».
«Berandu» datorren akordioa
PSE-EEko Bizkaiko Batzar Nagusietakobozeramaile Iñaki Egañaren arabera, akordioa «berandu» egin dute aldundiak eta garraiolariek. «Halako akordioak errepidea abian jarri aurretik egin behar dira. Okerra izan zen hasierako prezioak zehazteko orduan garraiolarien iritzia kontuan ez hartzea. Horrela egin izan balute, garraiolarien haserrea saihestuko zen».
Gainera, gogorarazi du sozialistek proposatu zutela errepidea doan izatea Europako Batasunak bidesarien inguruko oniritzia eman arte. «Ez zuten egin, eta orain berriro ere Bruselara bidali beharko dituzte prezio berrituak. Agian aurreikusi baino beranduago jarriko dira indarrean prezioak».
Gainera, Egañak nabarmendu du aldundia oker ibili zela egindako aurreikuspenetan eta egunean ez direla 9.000 ibilgailu astun igarotzen Bilboko hegoaldeko saihesbidetik. «Errepidearekin A-8tik kamioi gutxiago ibiltzea nahi zen, baina lehen asteetan ez da lortu. Garraiolariekin aztertu beharko da zergatik gertatu den hori».
PP pozik dago itunarekin, baina gogorarazi du oso urruti dagoela garraiolariek egiten zituzten eskarietatik.
Bilboko saihesbide berriko bidesariak %35 jaitsiko dituzte kamiolarientzat
Garraiolarien arabera, akordioa ona da, baina etorkizunean prezioak egokitu daitezkeela gogorarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu