Indarkeria matxista

Bilboko Sare Feministak Udaletxeko zubia moztu du azken sexu erasoak salatzeko

Trafikoa moztu du emakume talde batek 09:00 aldera, eta errepidea moztua izan dute ordu eta erdiz. Bi emakume Udaletxeko zubitik zintzilikatu dira. Ertzaintzak "desordena publikoa" leporatu die hogei bat ekintzaileri.

jarraia170017.jpg
2019ko abuztuaren 15a
16:44
Entzun

Bilboko Sare Feministak hirian izan diren azken sexu erasoak salatzeko ekintza egin du gaur goizean. Bilboko Udaletxeko zubia moztu dute, 09:00 inguruan. Emakume talde batek trafikoa moztu du, eta manifestariak zubira kateatu dira. Adi erasotzaile! Nonahi gaude leloa zuen pankarta zabaldu dute, eta bi emakume zubitik zintzilikatu dira. Ordu eta erdiz izan dute zubia moztuta.

Manifestariek adierazi dutenez, azken egunetan Bilbon izan diren sexu erasoak salatzeko ekintza izan da. Bereziki, Etxeberria parkean izandako talde bortxaketa gaitzetsi dute. Halaber, "elkartasuna" adierazi diete Donostiako Aste Nagusian sexu erasoak jasan dituzten emakumeei.

Larunbatean hasiko da Aste Nagusia Bilbon, eta Bilboko Sare Feministak ohartarazi du ez duela inolako sexu erasorik onartuko.

Bestalde, manifestariek kritikatu egin dituzte Ertzaintzak emakumeen segurtasunerako zabaldu dituen argibideak. Nabarmendu dute emakumeengan jartzen dutela arreta, erasotzaileengan jarri beharrean.

Ertzaintzak protestan parte hartu duten hainbat lagun identifikatu ditu, eta "desordena publikoa" leporatu die hogei bat ekintzaileri.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.