Hilketa

Bilboko taxi gidariek ez dute gaur lanik egingo, bart goizaldean lankide bat hil dutela salatzeko

40 urteko taxi gidari bat, gizonezkoa, hil dute bart goizaldean Bilbon, labanaz eraso eginda. Erasoa gertatu eta gutxira taxistaren lankideek erasotzailea izatea leporatzen dioten gizonezko bat inguratu dute, eta hura jipoitzen saiatu dira. Bilboko Udaltzaingoak erasoa eragotzi eta atxilotu egin du ustezko erasotzailea, gero Ertzaintzaren esku uzteko. Hilketa hori eta, oro har, "segurtasun eza" salatzeko Bilboko taxistak lanuztea egingo dute bihar hiletak amaitzen diren arte. Hamarretan elkarretaratzea egin dute Udaletxe aurrean, eta ondoren, Udaleko arduradun talde batekin batzartu da taxi gidarien ordezkaritza bat. Segurtasuna areagotzeko lan talde bat eratzea erabaki dute.

2005eko abenduaren 12a
15:50
Entzun
Goizaldeko ordubata eta erdiak aldera gertatu da erasoa, Bilboko Goiko Torre kalean, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Iturri horren arabera, erasotzaileak lapurretan egiteko asmoa zuen, eta labana sartu dio taxi gidariari lepoan: zain jugularra eten dio, eta hil egin da.

Taxisten haserrea

Bilboko Udaltzaingoak agertu duenez, hil zorian zela ibilgailuko irrati igortzailearen bidez jazotakoaren berri eman ahal izan die biktimak lankideei. Beste taxi gidariek Udaltzaingoari jakinarazi diote, eta, halaber, ustezko hilzailearen bila hasi dira. Hala, goizaldeko 01:50 aldera "arropetan odol arrastoak" zituen gizonezko gazte bat inguratu dute San Adrian etorbideko bigarren atarian, hiltzailea delakoan. Udaltzaingoak agertu du eurak ere laster zirela han, eta gizonezko hura jipoitu nahi zuten taxistei aurre egin behar izan dietela. Atarian inguratuta zeukaten pertsona hiltzailea izan daitekeelakoan atxilotu egin dute udaltzainek, eta gero Ertzaintzaren esku utzi dute. 20 urteko gizonezko bat da.

Hilketaren berri izan dutenetik eta ustezko hiltzailearekin izan duten jarrera ikusita, argi geratu da taxi gidariak haserre daudela. Hala, 10:00etan 800 bat taxista bildu dira Udaletxe aurreko elkarretaratzean, eta han izan dira ordu eta erdi inguru. Handik Justizia Jauregira joan dira, "gaizkileen aurkako zigorrak handitzeko" eskatzera.

Segurtasunerako lan taldea

Bitartean, taxi gidarien ordezkaritza bat Bilboko Udaleko segurtasun arduradunekin batzartu da. Hildako taxistaren familiari akusazio partikularra aurrera eramateko babes legala emango diola hitzeman dute udal arduradunek, eta, era berean, "segurtasuna hobetzeko" lan taldea eratuko dutela taxi gidariekin batera, eta hartarako Bizkaiko Diputazioaren eta Jaurlaritzaren laguntza lotzen saiatuko direla.

Hildakotaxi gidariak 40 urte zituen, ezkondua zen eta bi alabaren aita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.