Burezurra hautsita eta arnasa hartzeko makina bati lotuta, lokarrarazita daukate ostegun gauean Bilbon zauritutako mutil gaztea. «Oso larri» dago, Osakidetzaren txostenaren arabera. Kolpe bat jaso zuen buruan, eta hezurra apurtu zion; egun batzuetan, behintzat, lokarrarazita eta arnasa hartzeko makinari lotuta izango dute. Ertzaintzak esku hartu ondoren eraman zuten erietxera: istiluak zeudela eta, Maria Diaz de Haro kalera joan zirela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak; oldartu egin ziren ertzainak. Gazteari pilotakada bat bota zioten, ustez; Ertzaintzak dio argitzeko dagoela hori. Ikerketa bat martxan dela jakinarazi du.
Europako Ligako partida zuen ostegunean Athleticek Schalke 04 taldearen aurka, eta, istilurik ez izateko, zaintza berezia jarria zuen Ertzaintzak; zelai inguruan ez zen aparteko gorabeherarik izan, baina bai kanpoan, partida ostean. Herrizaingo Sailak emandako bertsioaren arabera, «hainbat dei» jaso zituen Ertzaintzak, eta jakinarazi zioten pertsona bat zaurituta zegoela, buruan kolpe batekin, Maria Diaz de Haro kalean. Ingurura joan ziren poliziak, eta, betiere Herrizaingo Sailaren arabera, «pertsona talde batek» eraso egin zien ertzainei; oldartu egin ziren haiek, eta hiru lagun atxilotu zituzten. Ertzainen ibilgailuei botilak botatzea egotzi zieten 16 eta 22 urteko bi gazteri; ertzainek eratutako hesia gainditu eta haietako bati eraso egiten saiatzea, 51 urteko gizon bati. Istiluetan hiru ertzain zauritu zirela jakinarazi du Herrizaingo Sailak.
Oldarraldian, pilotak jaurti zituzten ertzainek kalean; ustez, haietako batek jo zuen erietxean dagoen mutila. Ertzaintzaren arabera, ordea, «ez dago argi» zer gertatu zitzaion zaurituari. 28 urte dauzka. «Zauri larriak» ditu garunean, medikuen txostenak dioenez. Basurtuko Ospitalean dago.
Azken asteetan izan dira gisa bereko kasu gehiago. Athleticek Europako Ligan jokatu zuen beste partida batean, otsailean, bi argazkilariri eraso zieten ertzainek —tartean BERRIArentzat ari zen Jon Hernaezi—: futbolarien autobusaren inguruan argazkiak ateratzen ari zirela gorabehera batzuk sortu ziren, eta argazkilariei eraso zien Poliziak. Erasoaren argazkiak ateratzea lortu zuten, eta Herrizaingo Sailak aitortu zuen gehiegikeriaz aritu zela ertzain bat. Behin-behineko neurri gisa, lanpostuz mugitu zuten polizia.
Xuban Nafarrateren kasua
Ondorio larriagoak izan zituen greba egunean, martxoaren 29an, Gasteizen gertatutakoak. Xuban Nafarrate 19 urteko mutila larri eraman zuten erietxera, ertzainekin liskarra izan ostean. Ertzaintzak zabaldutako bertsioaren arabera, poliziengandik ihesi zihoala erori zen gaztea, eta han zauritu zen; haren familiak ezetz dio, pilota bat bota eta kolpeak eman zizkiotela. Salaketa jartzekoa dute.
Bilbon zauritutako mutila «oso larri» dago, eta lokartuta daukate medikuek
Athleticen partidaren ostean zauritu zen, eta poliziek pilota bat bota zioten ari dira ikertzen; hautsita du burezurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu