Bilbora sartzeko Sabino Aranako zirkulazioa neguan itxiko du Foru Aldundiak

Zubibidea eraisteko proiekturik ez dagoela eta, «kea saltzea» egotzi die PSEk udalari eta diputazioari

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko Sabino Arana kaleko bizilagunen aldarrikapen historiko bat betetzekotan daude. Kale hori A-8 autobidearekin lotzen duen zubibidea zirkulaziorik gabe geratuko da neguan, Bilbora sartzeko Olabeagako errepidea orduan irekiko dela iragarri baitzuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak. Egun zehatzik ez zuen eman, ordea, Itziar Garamendi Garraio diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Egunez zein gauez, zarata eta kutsadura handiak eragiten ditu Sabino Aranako sarbideak, eta auzokoen kexa iturri bihurtu da azken urteotan. Neguan zirkulaziorako itxiko dela bai, baina zubibidea noiz eraitsiko den zalantzan dago oraindik. Eta hori da bizilagunen beste aldarrikapena, porlanezko egituraren ordez etorbide bat agindu izan dielako udalak hainbatetan. Baina zubibidea botatzeko lanek zortzi milioi euroko kostua dute, eta oraindik ez dago horretarako proiekturik, ezta zubibidearen ordezko etorbidea egiteko ere.

Hori dela eta, Batzar Nagusietako PSE-EEren taldeak «kea saltzea» leporatu die udalari eta diputazioari. Izan ere, ez da zubibidearen eraispena atzeratu den lehen aldia; sozialistek gogora ekarri dute 2011rako aurreikusi zutela udal eta foru agintariek. «Sarbide berrien operazio guztirako 500 milioi zeudela kontatu ziguten duela urtebete, eta orain diputatuak aitortu du ez dagoela eraispenerako aurrekonturik ez egunik».

Agintaritza bakarra, urrian

Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusiak urrian hasiko dira aztertzen lurraldeko garraioa koordinatzeko eta kudeatzeko agintaritza bakarra ezartzeko aukera. Zehazki, hilaren 15ean, Bizkaiko garraio publikoari buruzko txosten tekniko eta juridikoa aurkeztu beharko du aldundiak; besteak beste, orain martxan dagoen Bizkaiko Garraio Partzuergoaren izaera eta eskumenak jorratuko ditu. Txostena egitearen alde bozkatu zuten EAJk, PPk eta PSEk atzo; Bilduk aurka egin zuen, auziari buruzko batzorde bat sortzea egokiagoa litzatekeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.