Abiadura handiko trena

Bilbotik Iruñera, baraurik

Azaroaren 10etik abenduaren 1era baraualdian egingo dute Bilbotik Iruñerako bidea Mugitu-ko hainbat kidek, «desobedientzia zibila bultzatzeko» helburuz, 'AHTak platera husten digu' lelopean.

jon eskudero
Donostia
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Baionako manifestazioak egin bezala, Mugitu mugimenduak ere aurre egin nahi dio AHT abiadura handiko trenari. Beste era batera, ordea: baraualdiaren bidez. Azaroaren 10ean hasi eta abenduaren 1era bitarte baraurik egingo dute hainbat lagunek Bilbotik Iruñerako bidea. Hiru aste horietan hainbat ekinalditan parte hartuko dute, betiere AHTaren inguruko gaiak jorratuz, eta jendeak proiektuak sor ditzakeen «arazoez» kontzientzia har dezan ahaleginduko dira. Euskal Herriko hiru lurralde zeharkatuko dituzte —Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa—, eta protestan parte hartuko duen kide bakoitzak bere lurraldean egingo du baraualdia, txandaka. Egitasmoaren xehetasun handienak erabakita badauzka ere, ibilbidearen nondik norako guztiak datorren asteartean jakinaraziko ditu Mugitu-k, Bilbon egingo duen prentsaurreko batean.

AHTak platera husten digu lelopean egingo dute baraualdia, eta helburu nagusia desobedientzia zibila bultzatzea izango da, Mugitu-ko kideen arabera: «Mugitu-k helburuak lortzeko erabiltzen duen tresna desobedientzia zibila da, AHTaren inposizioari aurre egiteko eta borrokan ahalik eta parte hartze handiena bultzatzeko». Herriz herri hainbat erakunderekin elkartuko dira ekintzak antolatzeko, eta oraingoz bermaturik dute hainbat talderen parte hartzea: «Gauza askotaz hitz egiteko aukera izango dugu; besteak beste, nekazaritza arloa, prekarietatea eta beste hainbat gai jorratuko ditugu». Ekintza horietan parte hartzeko ateak zabalik izango ditu Mugitu-k herritar ororentzat, nahiz eta baraualdia egin ez.

Bilbotik abiatuko dira, azaroaren 10ean, eta hurrengo zazpi egunak Bizkaiko lurretan egingo dituzte. Ez Irentsi taldeak bat egingo du baraualdiarekin zazpi egun horietan. Ondoren, Gipuzkoara sartuko dira; zehazki, azaroaren 17an —lurralde aldaketak larunbatetan egingo dituzte—. Angiozartik (Bergara, Gipuzkoa) barrena, Debagoiena, Donostia aldea eta Tolosaldea bisitatuko dituzte.

Hain zuzen ere, AHTaren kontrako manifestazio bat antolatu du Mugitu-k Arrasaten (Gipuzkoa). Bertatik Donostiara igaroko dira, astelehenez. Gipuzkoako hiriburuan bertsolariak, dantzariak, txalapartariak eta beste izango dira. Baraualdia egiten ariko diren lagunei ongietorria ere egingo diete. Ondoren, Tolosarantz abiatuko dira; han, hainbat ekitaldi egin, eta nafarrei utziko diete lekukotza. Aurrez, dena den, Tolosako azokan presentzia izango dute Mugitu-ko kideek.

Nafarroan hainbat eskualde zapalduko dituzte: Sakana, Iruñerria, Tafalla ingurua... Baraualdiak Iruñean izango du amaiera, baina horra heltzerako hainbat hizketaldi eginak izango dituzte parte hartzaileek, egun tematikoak antolatu baitituzte. Pobrezia, AHTak kalteturiko bizilagunak, ospitaleko sukaldariak, langabeak eta beste hainbat kontu jorratuko dituzte.

Herri batetik bestera mugitzeko, autoa baliatuko dute, Nafarroako hiriburura heldu arte. Amaiera ekitaldia bertan izango da, baina ezer ez dago zehaztuta: «Hasierako asmoa mobilizazio bat egitea zen, giza kate bat, baita hainbat ingurumen gatazkatan dabiltzan taldeen artean eztabaida jardunaldi bat osatzea ere. Baina ideia horiek aldatu beharko ditugu, abenduaren 1a oso egun txarra delako Nafarroan».

Lekukoaren barruan, mezua

Zehaztuta dagoena da mezu bat irakurriko dutela Iruñean bertan. Bilbotik abiatuko da mezu hori, lekuko baten barruan, eta hainbat eskutatik igaro ondoren, Iruñean irakurriko dira bertako hitzak. Mugitu-ko kideak hitz horien egilearen bila dabiltza: «Proposamenak egin dizkiegu hainbat ezaguni. Maialen Lujanbiorekin eta Anarirekin hitz egin genuen lehenik, Estitxu Arozenarekin gero, baina oraindik egin gabe daukagu». Mezua ez, baina lekukoa egina daukate, Gorriti artistaren eskutik.

Baraualdian inguruko iturri naturaletatik hartuko dute ura, eta galtzeko arriskuan dagoen iturriren bat topatzen badute, baraualdien informazioan aipatuko dute Mugitu-ko kideek. Oztopo guztien gainetik, «AHTko lanei aurre egiteko prest» daude mugimenduko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.