Hezkuntza Legea proiektua

Bildarratz «harriturik» dago PSE-EEk Hezkuntza Legeaz esandakoarekin

Hezkuntza sailburuak dio PSE-EEk ez zuela «ezadostasun nabarmenik» jakinarazi atzoko gobernu kontseiluan. Anduezak esan du haren alderdiak ez duela onartuko «batzuek Legea baliatzea soilik abertzaleen eraikuntza nazionalerako». PPk ez du baztertu Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2023ko apirilaren 26a
12:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz «harriturik» azaldu da gaur, PSE-EEk Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan izandako erreakzioa dela eta. Bildarratzek jakinarazi du atzoko gobernu kontseiluan alderdi horretako sailburuek ez zutela «ezadostasun nabarmenik» helarazi. PSE-EEk, ordea, proiektuaren irizpideekin dituen «aldeak» plazaratu zituen hura argitaratu eta berehala, ohar bidez.

Ikusi gehiago: Hezkuntza Legeak ezarririko «printzipioak»: euskara, eta zaurgarritasunari erantzutea

Sozialistek nahiko lukete Eusko Legebiltzarreko tramite prozesuan konpontzea proiektuan gaineko kezka horiek. Baina, edonola ere, alderdiak garbi utzi du agiriak ez dituela betetzen «finkatutako helburu guztiak». Hizkuntza ereduak «oparitu» egiten direla helarazi du, «adostutako eredu elebiduna nola gauzatuko den zehaztu gabe».

Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, Bildarratzek gogoratu du Eusko Legebiltzarreko kideen %90ek baino gehiagok egindako akordioaren «mandatua» jaso zuela 2022ko apirilean, «joko zelaia» mugatuta: «Espiritu eta literaltasun horri eutsi diogu». Horregatik, «ezustean» harrapatu du PSE-EEren kritikak, baina ez dio «garrantzirik» eman nahi horri: «Lanean jarraitu behar dugu».

Hauteskunde kanpainaren itzalak ia dena estaltzen duen garai honetan, hezkuntza «ika-mika politikotik kanpo» uzteko eskatu du Bildarratzek: «Eusko Legebiltzarra ez dago kanpainan».

Ika-mika martxan da

Ika-mika politikoa, ordea, martxan da jadanik. Izan ere, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak esan du haren alderdiak ez duela onartuko «batzuek Hezkuntza Legea baliatzea soilik abertzaleen eraikuntza nazionalean aurrera egiteko». Anduezak azpimarra egin du hizkuntza ereduen atalean. Berretsi du ereduen ingurukoa dela haren alderdiaren desadostasunik handiena. Bildarratz sailburuak argitu duen arren ereduen artean aukeratzen jarraitu ahalko dela, proiektuak ez du idatziz jaso ereduen erreferentziarik, eta PSE-EE ez dago ados horrekin.

Anduezak erantsi du eduki horretan PSE-EEk dituen aldeak jakinarazi zitzaizkiola Jaurlaritzako bere bazkideari, EAJri. «Urkulluri berari jakinarazi zitzaion», esan du, eta, beraz, ez du «ulertzen» Hezkuntza sailburuaren harridura: «Bere alderdiarekin eta lehendakariarekin hitz egitea gomendatzen diot».

Bildarratzek hizkuntza ereduen inguruko eztabaidari ere heldu dio gaur. Adierazi du agiriak «modu zorrotzean eta literalki» errespetatzen duela, «A-tik Z-ra», 2022ko apirilaren 7ko akordioa: «Puntu eta bukaera». Beraz, argitu du familiek «eskubidea» izango dutela «hizkuntza eredua aukeratzeko».

Halaber, berretsi du ez direla aldatuko eredu jakin bateko gela bat zabal dadin indarrean dauden irizpideak. «Orain arte ezarritakoak dira», azpimarratu du, eta gogorarazi du gutxieneko ikasle kopuru bat behar dela beti.

Bestalde, Hezkuntza sailburuak uste du «badagoela astia» Hezkuntza Legea legegintzaldi honetan onartzeko. «Lan egitea dagokigu: hau lehentasun bat da», esan du. «30 urteren ondoren beharrezkoa da lege berri bat».

Iturgaizen mehatxua

PPko EAEko presidente Carlos Iturgaizek ere eman du iritzia Hezkuntza Legearen lege proiektuari buruz. «Larrialdi nazionala» eragin duela uste du, «euskara inposatzen duelako eta gaztelania baztertzen». Iturgaizentzat, «zentzugabekeria» da proiektua, «eskandalua eta Espainiako hizkuntzaren aurkako atentatua». Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk osatzen dutela gogoratu du, eta hark idatzi duela proiektua, «legean agintzen duenari obedituz, Bilduri».

EAJren eta PSEren artean sortu den ika-mika «aitzakiatzat» jo du PPko agintariak, Anduezaren alderdiak «desberdintzeko beharra» ei duelako «hauteskunde garaian». Hezkuntza Legea «gurasoek hizkuntza eredua aukeratzeko duten askatasunaren aurka» doala errepikatu du: «Ezingo dute aukeratu beren seme-alabek gaztelaniaz ikastea».

Aurreratu du PPk osoko zuzenketa egingo diola lege proiektuari, eta, Eusko Legebiltzarreko tramitean gertatzen denaren arabera, ez du baztertu Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea. «Esan genuen lege honek ondorio larriak ekarriko zituela hezkuntzan: arrazoia genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.