Pello Urizar, Oskar Matute eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduren bozeramaileen arabera, koalizioak «zalantzarik gabe» hartuko du parte maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan. Izan ere, haien ustez, «ez dago lege aldetik eta juridikoki zerrenden aurka egiteko arrazoirik». Matuteren aburuz, alegazioak aurkezteko lanean ari dira: «Ez gara geratuko besoak gurutzatuta; ez dugu alderdi batzuen interes politiko eta partikularrei mesede egiteko joko taula tranpadunik onartuko». Gaineratu du judizialki ahalik eta bide gehien jorratuko dutela, «ez dagoelako hautagaitzak inpugnatu ahal izateko froga legalik».
Lotura «zentzugabea»
Urizarren iritziz, absurdoa eta zentzugabea da Bilduk ETAk asmatutako estrategiari erantzuten diola esatea, «ez bada erakundeak bere desagertzeari laguntzen dion tresna sortzen lagundu duela». Gogoratu du EAk, Alternatibak eta hautagai independenteek helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera —ETArena barne— errefusatzen dutela sinatu dutela. «Maltzurra deritzogu frogarik gabeko akusazioetan oinarritzeari. Argi dugu bozka eskubide aktibo zein pasiboa txosten polizialen mende uzten duen ustezko demokraziak ezin duela bere burua demokraziatzat hartu», kritikatu dute.
Horregatik, bere zerrenda guztiak inpugnatzea aberrazio juridiko, politiko eta demokratikotzat hartu du Bilduk. «Akusazioa PPren presioari aurre egiteko PSOEk duen ahuldade gisa uler daiteke soilik», gaineratu du Urizarrek. Ibaibarriagak azpimarratu duenez, koalizioa lege barruan dauden bi alderdiz osatuta dago. Horregatik uste du inpugnatzeko erabakia ez dela judiziala izan, politikoa baizik: «Arrazoi politiko eta guztiz antidemokratikoak besterik ez dago gizarte, politika eta demokrazia alorretan horrelako dimentsioa duten zentzugabekeriak sustatu, bermatu edo isiltzeko».
Matuteren ustez, Bilduk eskubidea du beste alderdi politikoen baldintza berdinekin hauteskundeetan egoteko: «Legea bete dugu, baina bada hauteskundeetan gu ez egoteko legea haustea nahiago duenik». Haatik, Urizarrek azaldu du bakea eragozteko Bilduren inpugnazioa eta halako erabakiak hauteskunde kalkuluen ondorio direla.
Hauteskundeei so
Bozeramaileek esan dute Bildu hauteskundeetara aurkeztuko dela: «Legezkoa izango da eta ezkerretik aldaketa politiko eta soziala espero duten milaka herritarren esperantza jasoko du».
Gogorarazi dute eskubide zibil eta politikoak gauzatzeko bide baketsu, politiko eta demokratikoetan oinarritutako apustua egingo dutela. «Ustezko froga, argumentu eta loturek ez dute lortuko euskal gizarteak duen askatasun eta bake grinari uko egitea», berretsi du Ibaibarriagak, Bilboko ordezkari independenteak.
M-22: udal eta foru hauteskundeak. Bilduren zerrenden inpugnazioa
Bildu: «Absurdoa da gu ETAren estrategiaren barruan kokatzea»
Bozeramaileek esan dute legea bete dutela eta maiatzaren 22ko hauteskundeetan «zalantzarik gabe» egongo dela BilduZerrendak ez inpugnatzeko ahalik eta bide judizial gehien jorratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu