Gipuzkoa «geldi» ikusten du PSE-EEk. Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak aurtengo azterketa egin zuen atzo, eta «oso kezkatu» azaldu zen Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian egiten ari den kudeaketa politikoarekin. «Erabat geldi» dagoen lurralde baten irudia ematen ari dela salatu zuen. Egoera horren arduradun zuzen egin du Bildu, eta, «zeharka», Eusko Alderdi Jeltzalea. Horren harira, EAJk 2012ko Gipuzkoako aurrekontuei emandako babesa kritikatu zuen, haren ustez aurrekontu horiek ez direlako lurraldeak behar duen erantzuna. Arriolaren irudiko, «Gipuzkoak etorkizun beltza du Bildu agintean delako».
Donostian eskainitako prentsaurrekoan, Arriolak aipatu zuen Bilduren agintaldiak bi fase izan dituela. «Hasieran, edozein gairi buruz esaten zuen ez zekiela eta auzia aztertu beharra zuela. Bigarren fasean, erantzunak ezezkorantz bideratzen ari dira». Arriolak gogorarazi du maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren aukera egon zela helburu estrategikoetan bat egiten zuten beste indarren artean akordioa hitzartzeko, baina aukera horri EAJk ezezkoa eman ziola salatu zuen.
Geroztik, Arriolaren irudiko, Bilduk «bi aurpegi» erakutsi ditu. Haren ustez, oposizioan den tokietan, «demagogia» egiten du eta «proposamen populistak» aurkezten ditu. Agintean, berriz, «gastu doikuntzaren txapeldun dira, eta dirurik ez dagoelako gauzak ezin direla egin arrazoitzen dute». Errepide sarietan edo aurrezki kutxen bat egitean azaldutako jarrera jarri ditu adibide gisa.
2012ko aurrekontuak jeltzaleek babestu izana ere kritikatu du Arriolak. Haren ustez, Gipuzkoak jarduera ekonomikoari eta lehiakortasunari bultzada ematea behar du, eta aurrekontu horiek kontrako norabidean doaz. Horregatik, ez du ulertzen EAJk emandako babesa: «EAJk Bilduri txeke zuria eman dio. Ez dakigu zer interes egon daitezkeen atzean», kritikatu du. Bere garaian, EAJk adierazi zuen oposiziotik Bildu gertutik zainduko zuela, baina, Arriolaren arabera, baieztapen hori «trikimailu hutsa» izan da.
Kritikak kritika, Bilduk eta PSE-EEk akordioa hitzartu dute zerga erreformari dagokionez. Arriolaren arabera, akordio horrek «erantzukizun ariketa» bati erantzuten dio. Gainera, haren esanetan, Jaurlaritzatik jaso dute diru sarrerak «modu bidezkoagoan» biltzeko irizpidea. Atzoko prentsaurrekoan Bildu gogor kritikatu ostean, Iñaki Arriola Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batzartu zen.
Bildu agintean delako Gipuzkoak «etorkizun beltza» duela dio Arriolak
Ez du ulertzen zergatik 2012ko aurrekontuei eman dien babesa EAJk, eta ez daki «zer interes politiko dauden atzean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu