Azaroak 20. Hauteskundeetarako balizko aliantzak

Bildu aurretik UPNk «baldintzak» ezarri dituela salatu du Cerverak

Garcia Adanerok azaldu du «hobe» dela «hasieratik garbi» hitz egitea «kontu horiekin jolastu ordez»

Erredakzioa
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Santiago Cervera Nafarroako PPko presidenteak salatu du ez dela «zentzuzkoa» eta ez «dotorea» Espainiako hauteskunde orokorretara batera aurkezteko akordioari buruz hitz egin aurretik UPNk «hainbat baldintza» ezarri izana. Izan ere, haren ustez, UPN izan da PPren «atea jo» duena.

Yolanda Barcina UPNko eta Nafarroako presidenteak, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara begira, PPrekin zerrenda bateratua osatzea du helburu, «abertzaleen garaipena eragozteko». Hori horrela, eta behin UPNren Batzorde Eragileak PPrekin harremanak hasteko baimena emanda, mahaiaren inguruan biltzeko ordua dute.

Cerverak, baina, adierazi du ez dela «zentzuzkoa» bildu aurretik «hainbat baldintza» ezartzea. Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak eta Nafarroako parlamentuko bozeramaileak, ordea, azaldu du «oso garrantzitsua» dela «inor ez engainatzea», eta gaineratu du ezarri duten baldintza «beharrezkoa» dela.

Adanerok, gainera, esan du Barcina Mariano Raxoi Espainiako PPko presidentearekin jarri dela harremanetan negoziazioak hasteko asmoz. Era horretan, argi utzi du du UPNk «oinarri argi bat» duela: «Espainiako Gorteetan izatea eta azaroaren 20tik aurrera existitzen jarraitzea».

Bestalde, Cerverak honakoa azaldu du: «Herritarren arazoak konpontzeko, eta Espainian benetako krisi ekonomiko eta soziala den unean gauzak hobetzeko, politikatik zer eskaintzeko prest dauden erabaki behar dute alderdi politikoek».

Hori dela-eta, Cerverak esan du ez dela «planteamendu egokia UPNk esaten duena»; izan ere, «alderdikeriaz» jokatu nahi du UPNk, haren iritziz. Horrez gain, azaldu du «ekarpenak» egiteko prest daudela esango dietela herritarrei, eta ez «babestu» beharrean daudela. Hori horrela, horretan oinarrituko direla adierazi du Cerverak, eta hori izango dela UPNrekin zerrenda bateratu bat aurkezteko «harremana».

Hori bai, Cerverak argi utzi du Nafarroako PPk ez duela «komunikabideen bidez» negoziatuko, eta, hortaz, negoziazioaren jarrera ez dutela aurreratuko esan du. Gainera, zerrenda bateratuaren eskaintza egiteko garaian «beste aldeak» izan ditzakeen «barne arazoen» inguruan ez duela hitz egingo esan du.

PPren proposamenaren inguruan, berriz, adierazi du «krisi ekonomiko eta soziala» dagoen garaian «berreskuratze nazionalean» oinarritzen den «programa handi bat» aurkeztuko dutela, eta «elkarlanean» aritu nahi dutenekin lan egiteko PP prest dagoela gaineratu du.

Dagoeneko harremanetan

Ana Mato Espainiako PPko Antolakuntza idazkariordeak eta Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpainako arduradunak azaldu du PP eta UPN «harremanetan» daudela hauteskundeetara begira bi alderdien inguruan akordioa lor daitekeen aztertzeko. Negoziazio horietan ari dira parte hartzen, besteak beste, Barcina eta Raxoi.

Bestalde, adierazi du «prest» daudela «elkarlanean aritu nahi duen mundu guztiarekin» beren proiektuaren inguruan hitz egiteko. Haren esanetan, beren proiektua «partekatzen» dutenekin «hitz egiteko prest dago beti»PP, eta esan du horren adibide direla UPN eta PAR Aragoiko Alderdia.

Honakoa ere esan du: «Gure hauteskunde programan oinarrituta hitz egiten, elkarrizketatzen, eta akordioak lortzen jarraituko dugu, betiere, herritarren onurako izaten». UPNrekin dituzten negoziazioen inguruan azaldu du «gauza horiek akordioa lortzen denean» jakinarazten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.