Bildu «ETAren ideia» izan zela diote polizia txostenek

Zerrendak Batasunak osatu eta kudeatu dituela eta propaganda ere bere esku hartu duela diote informeek

Alternatiba, EA eta ezker abertzaleko ordezkariak Euskal Herria ezkerretik akordioa izenpetu zutenean. R.B / ARP.
Erredakzioa
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioa, Bildu, «ETAren ideia izan zen» eta «Batasuna arduratu zen» hura bultzatzeaz, Espainiako segurtasun indarrek Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren esku utzi dituzten polizia txostenen arabera, herenegun eta atzo Espainiako prentsak eta beste zenbait hedabidek argitaratu dutenez. Fiskaltzak eta Estatuko abokatuak eskatu zituzten polizia txosten horiek, Bilduren hauteskunde zerrendak inpugnatzeko ziorik badagoen argitzeko.

Bilduk foru hauteskundeetarako eta Hego Euskal Herriko 258 udaletarako aurkeztutako zerrenden araztasunak koalizioaren aurka egiteko estrategia aldatu dute estatuko aparatuek. Koalizioaren aurka ezin zela egin eta zerrendak ikertzeko «lupa» erabiliko zutela esan zuten hasieran, Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba buru zutela. Zerrenden aurka banan-banan egiteko aukerarik ikusi ez dutenean, guztien aurka egiteko bideari ekin diote Bildu «ETAren ideia» izan zela esanez.

2008ko «erabakia»

Polizia txostenen arabera, 2008an «diseinatu» zuen ETAk «alderdi politiko independentisten eta ezkertiarren aliantza osatzea». «Batasunak 2009an bere egin zuen ideia», eta 2010eko ekainean «bete» zen «Batasunak eta Eusko Alkartasunak 'Indar independentisten akordio estrategikoa' izenpetu zutenean».

Polizi txostenen arabera—ETAren Herri Antolatuaren Estrategia Independentista Baterantz dokumentua aipatzen du—, Ipar Euskal Herrian indarrean den Euskal Herria Bai koalizioaren «formula» aukeratu zuen ETAk Hego Euskal Herrirako ere. Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren informeak dioenez, ETAk berariaz baztertu zituen (2008an) koalizio horretatik EAJ eta Aralar. «ETA prest zegoen bere indarkeria terrorista modulatu eta geldialdiak egiteko, indarren konbergentzia prozesuaren katalizatzaile gisa joka zezan», dio polizia txostenak, eta egungo su-etena horretarako izan zela ere bai.

Koalizioaren osaketa

Hauteskundeetarako koalizioa hiru alderdik osatu behar zutela baina Sortu legez kanpo geratu ostean EAk, Alternatibak eta independenteek osatu zutela ere adierazten du txostenak: «Batasunaren hautagaiak ezker abertzaleko 'independente' gisa aurkeztu dituzte, haren egituretan eta ekintzetan zuzeneko loturarik ez duten pertsonen artean aukeraketa zorrotza eginda».

Kasu bakar bat aipatzen badute ere, hautagai independente gisa joan zitezen zenbait hautagairi «presioak» ere egin dizkietela dio txostenak. Zerrendak osatzeko orduan ezker abertzaleak eta EAk eztabaidak izan dituztela ere badiote, batez ere Nafarroan, eta «goikoen» esku utzi behar izan zutela azken erabakia.

Txosten horretan bildutakoarekin segurtasun indarrek ondorioztatu dute Bilduren zerrendetan Batasunaren ordezkari gisa diharduten pertsonak badirela, Batasunak bultzatu duela koalizioa, Batasuneko arduradunek aukeratu dituztela interbentoreak eta apoderatuak eta Batasuneko arduradunek egin dituztela hautagaitzen promozioa eta propaganda.

«Bildu bozetan izango da»

«Polizia txostenak ez luke balio juridikorik eduki behar, aieru hutsak dira eta», esan zuen herenegun Bilduren Gipuzkoako Aldundirako zerrendaburu Martin Garitanok. «Gure milaka hautagaiek ez dute inolako harremanik legez kanpo utzi duten ezein alderdirekin», ziurtatu zuen Garitanok; ziur agertu zen Bildu bozetan egongo dela. «Independentea naiz, ez naiz Batasuneko hautagaia. Niri bost gai honen inguruan polizia batek izan lezakeen iritziak», azaldu zuen Bilduko hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.