Bildu legez kanpo uzteko prest da PP: «Behar dena egingo dugu»

Juanjo Agirrezabalak dio Sortu legez kanpo uzteak sor dezakeen kalteak ez duela atzera bueltarik izango

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
PP Espainiako Gobernura iristen bada «behar dena» egingo dutela esan du Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak. Bildu legez kanpo uzteko prest daudela adierazi du, eta Sorturekin zein Amaiurrekin gauza bera egiteko prest daudela gaineratu: «Ahal dugun guztia egingo dugu erakundeetan alderdi demokratikoak bakarrik egon daitezen; helburu eta bitarte demokratikoak bakarrik dituztenak». Basagoitiren ustez, Bilduk kanpainan irudi bat eman zuen arren, karguak lortutakoan ez du esandakoa bete.

ETAri eman dio alderdi horiekin gertatuko denaren ardura. «ETAk existitzen jarraitzen badu, armak entregatzen ez baditu, ez badu onartzen sortutako mina, eta hain begibistakoa den gisan Bildu bere estrategiaren parte dela erakusten jarraitzen badu ETAk, ondorio guztiekin arituko gara», esan zuen atzo, Cope irrati katean egin zioten elkarrizketan. Eta gaineratu du orain beraientzat «zailagoa» den arren gobernura iristen direnean —ez du zalantzan jarri iritsiko direla— «Zuzenbide Estatuaren mekanismoak» ez dituztela «mugatuko».

Gatazka konpontzeko

Juanjo Agirrezabalaga EAko legebiltzarkideak, berriz, Info7 irratian esan zuen Sortu legeztatzen ez bada atzera bueltarik gabeko ondorioak gerta daitezkeela. Zehazki, Sorturi buruz hitz egin zuen EAko legebiltzarkideak. Izan ere, dagoeneko gauza jakina da Auzitegi Konstituzionalak ez duela alderdiaren legezkotasunari buruzko erabakirik hartuko, urriaren 7aren aurretik, eta, beraz, Sortuk ezingo duela aurkeztuazaroaren 20ko bozetara. «Sortu legez kanpoko egoeran mantentzeak eragin dezakeen kaltea konpondu ezinezkoa izan daiteke», esan du.

Amaiur koalizio sortu berria «Euskal Herrian bizi dugun prozesu politikoari erantzutera» datorrela ere azaldu du. «Batik bat, gatazka konpontzeko bidean lana egiteko asmoz sortu da». Nabarmendu duenez, bere iritzian independentistek «Euskal Herriari eskubide nazionalak ukatzen zaizkion toki berean» ere egon egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.