EH Bildu nagusi Gipuzkoan, 11 eserleku lortuta

EAJ da herrialdeko bigarren indarra, bederatzi eserlekurekin. Zenbaketak aurrera egin ahala, dantzan zegoen eserlekua PSE-EEren esku geratu da, koalizio subiranistaren kaltetan.

Oihana Etxebarrieta, Nerea Kortajarena eta Pello Otxandiano, hauteskunde gauean. MIGUEL TOÑA / EFE
Oihana Etxebarrieta, Nerea Kortajarena eta Pello Otxandiano, hauteskunde gauean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ainhoa Sarasola.
2024ko apirilaren 21a
20:00
Entzun

Inkesta guztiek aurreikusten zuten EH Bildu gailenduko zela Gipuzkoan, bai boto kopuruan, bai eserleku kopuruan. Hala iragarri dute hauteslekuak itxi eta segidan plazaratu diren zundaketek, baita lehen datu errealek ere. Eta halaxe gertatu da: EH Bilduk 11 eserleku lortu ditu; EAJk, 9; PSE-EEk, 4; eta PPk, 1.

Orain dela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJ izan zen nagusi Gipuzkoan, 109.554 botorekin (%36,42). Eutsi egin zion EH Bilduren igoerari, baita koalizio subiranistak baino eserleku bat gehiago eskuratu ere —hamar lortu zituen denera—. Hala ere, EH Bilduk jeltzaleekiko aldea 4.000 botoraino murriztea lortu zuen ordukoan.

Bi indar horien artean zegoen lehia nagusia herrialdean hauteskunde hauetan, eta, inkestek iragarri bezala, koalizio subiranistak igoera nabarmena izan du orain dela lau urteko bozekin alderatuta: bederatzi eserleku zituen, eta 11 eskuratu ditu. EAJk, berriz, eserleku bat galdu du: hamar zituen lehen, eta bederatzi lortu ditu orain.

Alderdi sozialistak, berriz, ordezkari bat gehiago bidaliko du oraingoan Gipuzkoatik Eusko Legebiltzarrera, lau denera. Azken unean lortu du hori, gainera; izan ere, dantzan zegoen azken aulkia PSE-EEk eskuratu du zenbaketak aurrera egin ahala, eta EH Bilduk galdu.

Duela lau urte Gipuzkoan lortu zuen ordezkari bakarrari eutsi egin dio alderdi popularrak. Elkarrekin Podemosek, berriz, galdu egin ditu duela lau urte eskuratutako bi eserlekuak.

Gipuzkoako udalerriei dagokienean, zazpitan izan da garaile EAJ: Donostian, Irunen, Hondarribian, Beasainen, Elgoibarren, Olaberrian eta Albizturren. Gainontzekoetan, EH Bildu gailendu da, hala nola Zarautz, Azkoitia, Arrasate, Errenteria, Hernani, Urnieta, Urretxu eta Lasarte-Orian, baita, lehen aldiz, Eibarren eta Zumarragan ere.

Iaz izandako beste bi hauteskunde deialdietan koalizio independentista gailendu zen herrialdean, eta goranzko joera erakutsi zuen, gainera. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetan, 120.587 lortu zituen, eta 105.460 izan ziren orduan jeltzaleek batutakoak; hala, 15.000 botoren aldea izan zen lehen eta bigarren indarren artean. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, berriz, alde hori koska bat gehiago zabaldu zen, EAJk baino 32.000 boto gehiago eskuratu baitzituen EH Bilduk —bina eserleku lortu zituzten, hala ere—. Joera horri zer-nolako segida emango zion zegoen ikuskizun oraingo bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.