EAJk ezezko ofiziala eman dio azaroaren 20an Espainiako Kongresurako egingo diren hauteskundeetara «herri gisa» koalizioan joateko proposamenari. Ezezko «argi eta zuzena», Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak berak azaldu duenez. Jakina zen erabakia, baina proposamena zuzenean jaso eta erantzuna zuzenean emateko bilera egin zuten atzo EAJko ordezkari nagusiek ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibakoekin. Bilduren ordezkarien izenean, EAJren jarrerak eragindako «etsipena» plazaratu zuen Jone Goirizelaiak, eta «izugarrizko desilusioa» sortu duela bai proposatzaileen artean et bai euskal gizartean. Garai honen garrantziaz ohartzeko eskatu zion EAJri, eta atzoko bileran hitz egindakoari buruz pentsatzeko; jarrera aldatzeko, azken batean.
Bilera uztailean egitea zen Bilduren asmoa, Goirizelaiak azaldu duenez: ekimena hedabideetan zabaldu aurretik elkartzea EAJrekin, proposamena aurrez aurre egiteko. «Baina ez zen posible izan». Hortaz, abuztu hasieran ekimena jakinarazi, eta, «EAJko ordezkariek abuztu osoan egindako adierazpen ugarien ondoren», atzo batzartu ziren gonbitearen egileak eta jasotzaileak EAJren etxean, Sabin Etxean.
Bi aldeetako ordezkari gorenak bildu ziren: batetik, EAJren EBBko presidente Iñigo Urkullu, eta Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako buru batzarretako presidente Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Iñaki Gerenabarrena eta Jose Angel Agirrebengoa, eta, bestetik, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia eta Rufi Etxeberria, EAko Pello Urizar eta Mariano Alava, eta Alternatibako Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe, Bilduren izenean. 11:00etan hasi, eta 12:45 aldera amaitu zuten batzarra. Gero, Sabin Etxeko sarreran eman zuten bilerak emandakoen berri Goirizelaiak eta Egibarrek.
«Azaldu diegu nolako garrantzia duen, bizi garen garai politiko garrantzitsu honetan, Madrilera gure eskubideen alde herri gisa joateak; zein garrantzitsua den gure eskubide indibidual eta kolektiboen alde herri gisa joatea, autodeterminazio eskubidea onartu eta ezartzearen alde, eta gure herriaren eskubide sozialen alde. Orain ez dutela koalizio horren beharra ikusten, horixe erantzun digute», laburbildu du Goirizelaiak bilerak eman duena.
«Etsipena» eragin dio EAJren ezezkoak. «Oso desilusio handia». Eta seguru dago euskal gizarteak ere izango duela sentipen hori: «Uste dugu Euskal Herriko gizartea oso ilusionatuta zegoela proposamenak zabaltzen zuen aukerarekin eta ez duela EAJren erantzuna ulertuko». Garai honen garrantziaz ohartarazi, eta saiatzen jarraituko dutela adierazi du, EAJri erabakia berriz pentsa dezala eskatzeko. «Oraindik posible da; ez dugu ezer baztertzen».
Jeltzaleek, ordea, oso bestela ikusten dute egoera. Egibarrekazaldu du seguru daudela erabakitakoarekin, eta zergatia argia dela: «Beste bat da orain lehentasuna». Bake jokalekua finkatzea, ETA desagertzea eta Sortu legeztatzea du lehentasun.
Gainera, jeltzaleen ustez, Bilduk egindako proposamena ez da zintzoa. «Oinarri sendoa» falta zaio, eta hauteskundeei begirako egindakoa da. Areago, Egibarrekesan du «ezker abertzaleak dituen gabeziak ezkutatzeko estrategia» ere izan daitekeela. «Espero dugu proposatutako aliantza ez izatea bake prozesuan izaten ari diren gabeziak estaltzeko ihesbide soil bat». Ezker abertzaleak «bere bidea» berak bakarrik egin behar duela adierazi du, eta ez saiatzeko EAJ hor lotzen.
Atzoko bilera eginda bere ustez Bilduk lortu nahi zuena ere salatu du Egibarrek: «Euskaldun askoren desio den hauteskunde aliantza bati EAJk ezezkoa ematea zen benetako helburua». Hortaz, «fede oneko abertzale askoren nahi eta ametsekin jolasean ez ibiltzeko» eskatu dio Bilduri.
Urizarrek, bileraren aurretik ETBri emandako elkarrizketa batean, esan zuen koalizioan batzeko proposamenaren inguruan «deseroso» sentitzen dela EAJ, baina garrantzitsua dela proposatu dutena: «Sekula baino beharrezkoago da Madrilera eskubideak dituen herri gisa joatea, hango ogi apurren bila joan ordez».
Azaroak 20. Hauteskundeetarako balizko aliantzak
Bilduk adierazi du EAJren ezezkoak etsipena eragingo duela gizartean
«Garai historiko honetan» Madrilera «herri gisa» joateak berebiziko garrantzia duela eta, berriz pentsatzeko eskatu dio EAJri«Lehentasuna bake jokaleku finkatzea» delako erabaki du EAJk koaliziora ez batzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu