Bilduk esan duenez, EAJren jarrera ez dator bat «garai berriarekin»

«Jarrera beligerantearen» atzean jeltzaleen botere gosea ezkutatzen dela uste du koalizioak

Bilduko eta EAJko buruzagiak, iazko maiatzean eginiko bilera batean. JON HERNAEZ 7 ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bilduk uste du instituzioetan egiten ari den lana zikindu nahi duela EAJk, eta estrategia horretan bat egin duela PSE-EE eta PPrekin. Hala ulertzen ditu azken egunetan alderdi jeltzaleak Bilduren aurka eginiko adierazpenak. Belen Greaves EAJren EBBko idazkariak koalizioaren aurka esandakoak gogor kritikatu dituBilduk komunikabideetara igorritako ohar batean, eta «oinarririk gabeko» adierazpenak direla salatu du. «Jarrera beligerante» horren atzean jeltzaleen botere gosea ezkutatzen dela uste du koalizioak, eta gisa horretako adierazpenak «garai berrian» lekurik ez dutela nabarmendu du.

Bilduren arabera, alderdi jeltzalearen adierazpenak «bat datoz guztiz» koalizioaren aurka PSE-EE eta PP aurrera eramaten ari diren estrategiarekin. «Behin eta berriz ari dira esaten ez dugula ezer egiten, baina hori errealitatearen aurka doa», salatu du koalizioak.

Bake eta normalizazio prozesua sendotzeko eginiko urratsak batetik eta instituzioetan eginiko lana bestetik jarri du berme gisa Bilduk. «Sei hilbatean soilik aurrera eraman ditugun ekinbide horiek guztiak erronka berriei aurre egiteko agertokirik egokienean jartzen gaituzte; hori bai, guk beti herritarrekin eta herritarren onerako lan egin dugu», azaldu du koalizioak.

Besteak beste, eta instituzioen kudeaketari dagokionez, Gipuzkoan indar politiko guztiekin eginiko akordioak gogoratu ditu—EAJrekin aurrekontuetan, PSE-EErekin zerga sistemaren erreforman eta PPrekin errepideetako bidesarien gaian—, eta salatu du EAJren jarrera guztiz bestelakoa dela, Kutxabanken PPrekin eginiko akordioa gogora ekarriz —bi alderdi horien arteko akordioa dela eta, Bildu eta PSE-EE Kutxabankeko zuzendaritzatik kanpo geratu dira—.

Estrategia zaharkituak

Eguneroko kudeaketa lanak ezartzen duen arduren aurrean «guztiz geldituta» egotea eta lidergo falta ezkutatzeko «demagogia» eta «biktimismoa» erabiltzea leporatu dio Greavesek Bilduri. Jeltzaleek datorren astean egingo duten batzar nagusiaren aurkezpenean egin zituen adierazpenok EAJko burukideak, herenegun. Bilduren «gaitasun faltari» eta agintaldia «agortu» duen Eusko Jaurlaritzari erantzuteko, EAJk «instituzioak gidatzeko proiektu» bat duela esan zuen Greavesek, eta agerian utzi zuen egoera politiko berrian EAJren «lehentasuna» galdutako botere instituzionala berreskuratzea izango dela.

Bilduren arabera, EAJko zuzendaritzaren jarrerak ez du bat egiten Euskal Herrian hasi den garai politiko berriarekin. Uste du bake eta normalizazio prozesua sendotzeko urratsak egin behar direla, eta hor ez dutela lekurik ez alderdikeriek, ez antzinako estrategiek. «Bat gatoz [Greavesekin] agertokia guztiz aldatu dela esaten duenean, eta horrek gatazkaren behin betiko konponbiderako agertoki baikor batean kokatzen gaituela. Baina egia da ere bai, aldaketa izan dela Gernikako Akordioan integratuta dauden eragileek apustu sendoa eta ausarta egin dutelako eta ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri duelako».

Bilduren arabera, baina, jeltzaleek bestela jokatu dute, eta bihar presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioaren inguruan zuzendaritzak agertutako «jarrera beligerantea» gaitzetsi du. «Ez dugu jarrera hori ulertzen; are gutxiago alderdi horren oinarrien gehiengo zabal batek mobilizazioaren aldarrikapenekin bat egiten duela ikusita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.