Bilduk ez du egingo ETAren atentatu denak gaitzesteko PPk udaletan aurkeztu duen mozioaren alde, eta, horren ordez, beste proposamen bat aurkeztuko die alderdi politikoei. «Bake bidean udalek egin dezaketen ekarpenaren formula gisa, alderdien arteko elkarlana» proposatuko du Bilduk erakunde guztietan, baina bereziki PPk mozioa aurkeztu duen tokietan. Gaur, Ermuko Udaleko (Bizkaia) osoko bilkuran eztabaidatuko dute PPren mozioa, baina koalizioak ez du bozketan parte hartuko, eta horren ordez proposamen alternatiboa egingo du. Jakinarazi duenez, ez du eskatuko bere proposamenari botorik ematea: «Askoz ere harago joateko garaia iritsi dela uste dugu».
Bilduk prentsa ohar batean azaldu duenez, euskal gizarteak bakea eraikitzeko apustua egin du, eta erabaki horrek ez du atzera bueltarik. «Oraingoan, ez». Koalizioak nabarmendu du Euskal Herria aro politiko berri batean sartu dela eta «iraganeko estrategiek» ez dutela balio, eta ohartarazi du eragile politiko, sozial etainstituzional guztiak ezinbestekoak direla bake bidean urratsak egiteko.
PPren mozioaren aurrean, bake bidea jorratzeko ekarpenak aztertzeko gonbita egingo die Bilduk alderdi guztiei, bazterketarik gabe. «Aro politiko berriaren osagaiak dira bakea eta demokrazia, eta garai berria elkarrizketa, akordioa eta herriaren aniztasuna errespetatuta bakarrik eraiki ahal izango da», dio Bilduk aurkeztuko duen ekimenak. Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarren esku baino ez dagoela uste du Bilduk, eta proiektu politiko oro gauzatzeko eskubidea aldarrikatu du. Koalizioak alderdi denei eskatu die «erantzukizunez eta esku zabal» joka dezaten garai berri honetan.
Bilduk ez du egingo PPren mozioaren alde, eta beste proposamen bat egingo du
Alderdien elkarlana eskainiko du «udalek bakerako bidean egin dezaketen ekarpenerako formulatzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu