Errenteriako Udalean ez bezala, EAJk eta PSE-EEk ez dute bat egin Donostiako Udalean SanMarko mankomunitateko ordezkariak elkarrekin banatzeko. Hala, Bilduk gehiengoa izango du Gipuzkoako mankomunitaterik handienean. Izan ere, Donostiako Udaleko ordezkari bat berea izango da mankomunitatean, eta, horrekin, lehendakaritza ziurtatua du. Izan ere, 157 botoetatik gutxienez 92,5 izango ditu mankomunitateko batzarrean.
Donostiako Udalean atzo onartu zituzten San Marko mankomunitateko ordezkariak. Haietako bat Nora Galparsoro Bilduko zinegotzia izango da. Galparsoro udal gobernuko zerbitzu eta azpiegituretako saileko arduraduna da. Bestea Denis Itxaso PSE-EEko ordezkaria izango da. Itxaso Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko jarduneko lehendakariordea da.
Zalantza zegoen Donostiako udal ordezkarien inguruan. Izan ere, joan den astean bertan Errenteriako EAJko eta PSE-EEko zinegotziek bat egin zuten, eta ordezkari bana hautatu zituzten San Markorako, nahiz eta alkatetza Bilduk eduki.
Oraindik falta da jakiteko Urnietako eta Lasarte-Oriako udaletan zer gertatzen den, baina atzokoarekin Bilduk ziurtatu du gehiengoa mankomunitatean.
Partzuergoan ere
San Markon gehiengoa lortuta, Gipuzkoako hondakinen partzuergoan gehiengo erosoa izango du Bilduk. Izan ere, Gipuzkoako diputazioari eta San Markori dagokien ordezkaritza —%33 eta %29, hurrenez hurren— berea izango da.
Horrez gain, Debagoienean, Sasietan, Tolosaldean, Urola Kostan eta Urola Erdian ere Bilduk izango du gehiengoa. Gauzak horrela, Zubietako errauste plantaren bost urteko atzerapena agintzeko gehiengo zabala izango du Bilduk.
Bilduk gehiengoa izango du San Marko mankomunitatean ere
Donostiako Udalak izendatu ditu bere bi ordezkariak: Nora Galparsoro Bildukoa eta Denis Itxaso PSEkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu