Errauste planta

Biodonostiak jarraipen epidemiologikoa egingo du Zubietako plantaren inguruan

Hitzarmen bat sinatu dute gaur Diputazioak eta Biodonostia-Osasun erraustegiak herritarren osasunean nola eragiten duen ikertzeko.

2016ko apirilaren 22a
09:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako diputazioak zabaldu duen ohar baten arabera, hiru ikerketa egingo dituzte Zubietako errauste plantaren inguruan. Lehena errauste planta martxan jarri aurretik, airean dauden kutsagai nagusien berri edukitzeko. Bigarren ikerketa errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean egingo dute, eta hirugarren azterketa bost urte pasatu eta gero egingo dute.

Biodonostiak kudeatuko ditu ikerketa horiek eta bertan parte hartuko dute INMA proiektuko ikerlariek (Haurtzaroa eta Ingurumena). Ikerlari horiek EHUko edo Osakidetzakoak dira, hain zuzen ere.

Asensiok ukatu egin du erraustegiak herritarren osasunean inolako eraginik duenik. Esaterako, aipatu du Zabalgarbiren eraginaz EHUk egindako ikerketa bat: "Ez dago froga zientifikorik erraustegiak herritarren osasunean eragiten duela esateko".

Eragile zientifiko guztiak ez daude ados horrekin. Esate baterako, gaur Donostian errausketaz egiten ari diren jardunaldi batzuetan Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) Iñigo Suberbiola medikuak gogorarazi du gaur egungo erraustegietan egindako 14 ikerketa aztertu dituztela eta ondorioztatu dutela planetatik hiru kilometroko erradioan bizi direnen artean %3 eta %51 artean handitu direla minbizia kasuak.

Aldi berean, ohartarazi du diputazioak eta Biodonostiak egingo duten ikerketa lan horren metodologia ez dela zuzena. Izan ere, NBEko Batzorde Zientifikoaren iritziz, gutxienez 10 urteko epea utzi behar da pasatzen errauste planta batek inguruko herritarrengan eragin dituen osasun kalteak neurtzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.