Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua ados dira garai berriak ez duela atzera bueltarik, atzo Madrilgo Moncloa jauregian egindako bileraren ostean Lopezek berak esan zuenez. Lehendakariak Raxoiri esan dio espetxe politika «garai berrietara» egokitu behar dela: espetxe politikaren helburua «justizia eta gizarteratzea» izan behar du. Hala, euskal presoak Euskal Herrira «apurka» hurbiltzeko eta gaixotasun larriak dituztenei hirugarren gradua eman eta askatzeko eskatu dio.
Eskaera horiek jarri dizkio mahai gainean Lopezek Raxoiri, hark Espainiako Gobernuko presidentetza hartu zuenetik bi buruzagiek izan duten lehen bilera ofizialean. ETAk jardun armatua bertan behera utzi ondoren izan duten aurreneko hartu-emana izan da, eta Euskal Herrian hasi den aro berria aztertu dute, beste ezer baino gehiago. Lopez baikor agertu da PPko gobernuak hartuko duen jarrerarekin, sinetsita dagoelako «bizikidetza» sendotzeko ezinbestekoak diren neurriak hartuko dituela; tartean, espetxe politika malgutzea. «Harrera ona antzeman diot», nabarmendu du. «Ziur nago Espainiako Gobernuak ulertu duela Euskadin estatu politika bat behar dela bizikidetza sendotzeko».
Atzo arratsaldean bildu ziren bi agintariak. Ordubete inguru batzartu ziren. Bilera amaitzean, Patxi Lopez lehendakaria baino ez zen agertu kazetarien aurrean, Raxoik ez baitzuen agerraldirik egin. Lopezek azaldu zuenez, bileran bat etorri ziren, eta ETAren jardun armatuaren ostean Euskal Herrian «itxaropen aroa» zabaldu dela uste dute, eta biek ala biek «oso positibotzat» jo zuten egoera berria. Areago, aro berriak «atzera bueltarik» ez duela uste dutela jakinarazi zuen lehendakariak, eta aurrerantzean ere bi gobernuek elkarlanean jarraitzea adostu dutela.
Euskal Herrian dagoen esperantza aroa «indarkeriaren zikloa behin betiko ixteko» baliatu behar dela esan zion Lopezek Raxoiri. Horretarako, euskal presoak «gizarteratzea» lortu behar dela esan zion. Lopezek Gogoratu zion Espainiako Konstituzioak berak jasotzen duela aukera hori, eta Eusko Jaurlaritza prest dagoela Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko hori lortze aldera. Ordea, euskal presoentzat amnistia ematea edo «neurri kolektiborik» hartzea baztertu egin zuen.
Ezker abertzalea legeztatzearen beharra ere azaldu zion lehendakariak Raxoiri. Lopezen ustez, egoera «paradoxikoa» dago Euskal Herrian, alde batetik ezker abertzalea instituzio askotan ordezkatuta dagoelako, baina aldi berean legez kanpo dagoelako. Gainera, Lopezentzat, ezin da ulertu urteetan ezker abertzaleari indarkeriatik aldentzeko eskatzea, eta bide horretan «pausoak» ematen dituenean «harresiak» jartzea.
Kazetariek luze itaundu zioten lehendakariari ezker abertzalea legeztatzearen aldeko jarreraren inguruan, eta hark argi erantzun zien: «Indarkeria gaitzesteko baldintza ez dator Alderdien Legean. Baldintza etikoa eta morala izan daiteke, baina ez legala». Legeztatzea eskatuta ez dela ezker abertzalearen tesietara hurbiltzen ari gaineratu zuen: «Euskal gizartean bakea sendotzeko beharrezkoak diren urratsak baino ez nabil eskatzen ari».
Hitzik egin ez bazuen ere, gobernuko iturriek Efe agentziari esan zioten Raxoi «funtsezkoan» ados dagoela Lopezekin, baina ez duela espetxe politikarik aldatuko eta ezker abertzalearen legeztatzea ez dagokiola gobernuari, auzitegiei baizik.
Egiaztatze Batzordea
Moncloan izan aurretik, Erriberagoitin (Araba) izan zen lehendakaria, Talgo enpresa bisitatzen. Han ere mintzatu zen egoera politikoaz. Zehazki jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritza «harremanetan» dagoela Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin. «Izan ere, ez dugu askatasunaren eta bizikidetzaren arloetan gertatzen den ezeretik kanpo egon nahi», adierazi zuen lehendakariak.
Batzordeak herenegun jakinarazi zuenez, ETAk ziurtatu egin dio bere erabakiak ez duela atzera bueltarik. Ideia bera berretsi zuen lehendakariak ere: «Datuek erakusten dute ETA geldirik dagoela, ez duela armak berriro hartzeko erabaki estrategikorik, eta beraz, azken agirian esandakoa berretsi egiten dela».
Moncloako bileraren ondoren, adierazpen horien inguruan galdetu zioten kazetariek lehendakariari, eta hark goizean esandakoari ñabardurak jarri zizkion: «Jaurlaritzan ez dugu babesten Egiaztatze Batzordea. Ez dugu babesten historiaren kontakizuna aldatu nahi duen ezer». Indarkeriaren amaiera egiaztatzeko modurik egokiena poliziarena dela esan zuen lehendakariak, eta argi utzi zuen armak uzteko erabakia ez dela etorri Aieteko Konferentziari esker, «30 urteko borrokari esker baizik».
«Biok uste dugu garai berriak ez duela atzera bueltarik»
Ezker abertzalea legeztatu behar dela esan dio Patxi Lopezek Mariano Raxoiri, Moncloan izandako bileranPresoak «apurka» hurbiltzeko ere eskatu dio lehendakariak Espainiako gobernuburuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu