Ertzaintzak Jon Ander Uribarrena Otxoa (41 urte) atxilotu du gaur goizean Pasaian (Gipuzkoa), lehengo astelehenean herri hartako udalbatzarrean Bixen Itxaso PSE-EEko zinegotzia jo egin zuelakoan. Goizeko zortzietan izan da atxiloketa, gizonezkoak etxetik irten duenean, Trintxerpe auzoan.
Efe berri agentziaren arabera, Uribarrena hamabi urtean preso egon zen, 1987an Portugaleteko (Bizkaia) PSE-EEren egoitzari molotov koktel bidez eraso egin ziolakoan. Sutearen ondorioz, egoitza barruan zeuden bi lagun hil egin ziren orduan.
EAE-ANVko hautetsien dimisioa eskatzeko mozioa jorratu zuten astelehenean, eta tentsio handia egon zen. Itxasok bekain parean kolpea jaso zuen, eta herenegun salaketa sartu zuen. Ertzaintzak dio komunikabideetako irudien eta lekukoen adierazpenen ondorioz atzeman duela gizonezko hura.
Mozioa onartu egin zuten astelehenean, eta atzo Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak iragarri zuen prest daudela Pasaian orain zentsura mozioa aurkezteko -Arrasaten eta eta Hernanin ere bai-. Beste alderdiei hamar eguneko epea eman die jarrera bat hartzeko. Zentsura mozioa aurkezteko eta aurrera ateratzeko, gehiengo osoa behar da.
Maider Ziganda (EAE-ANV) da gaur egun Pasaiako alkatea. ANVk ez du gehiengo osorik han.
Atxiloketa
Bixen Itxaso Pasaiako PSE-EEko zinegotzia ustez jo zuen gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak
Gaur goizean atzeman du, Trintxerpe auzoan. EAE-ANVko hautetsien dimisioa eskatzeko mozioa jorratu eta onartu zuten astelehenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu