Bixen Itxaso ustez jo zuen gizonezkoa atxilotu eta kartzelan sartu dute

Atxilotuak 12 urte eman ditu espetxean, Portugaleteko PSE-EEren egoitzari eraso izanagatik

2008ko ekainaren 7a
10:57
Entzun
Bixen Itxaso Pasaiako (Gipuzkoa) zinegotzi sozialista ustez jo zuen gizonezkoa atzo goizean atxilotu zuen Ertzaintzak Trintxerpe auzoko bere etxean, eta arratsaldean Martuteneko kartzelara bidali zuen Donostiako epaitegiko epaileak. Jon Ander Uribarrena Otxoa da atxilotua, 41 urtekoa. Donostiako fiskalak baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuen, Estatuko fiskal nagusiaren aginduz. Fiskaltzako iturrien arabera, agintearen aurkako atentatua eta desordena publikoen delitua leporatu ahal diote, eta lau eta sei urte arteko kartzela zigorra ezarri.

EAE-ANVko zinegotzien dimisioa eskatzen duen mozioa eztabaidatu zen joan den astelehenean Pasaiako Udalean. Tentsio handia bizi zen osoko bilkuran eta mozioaren eztabaidara bildutako herritarrek hitza hartu zuten unean, PSE-EEko zinegotziak aretotik irteten hasi ziren. Une hartan sortutako liskarrean jo zuten Itxaso, bekainean arin zaurituz. Itxasok erasotzailearen kontrako salaketa jarri zuen herenegun.

Herrizaingo Sailak azaldu duenez, atxilotuak 12 urte eman zituen espetxean Portugaleteko PSE-EEren egoitzaren kontrako erasoan esku-hartzeagatik 1987ko apirilaren 25ean. Egun hartan hainbat lagunek molotov koktelekin eraso egin zioten PSE-EEren egoitzari. Sortu zen sutean bi lagun hil eta beste zenbait zauritu ziren.

«HIPOKRISIA». Atxiloketaren harira, «alderdiak eta komunikabide nagusiak biolentziaren gainean erakusten ari diren hipokresiaren tamaina» salatu du Askatasunak. Mikel Ibañez presoa «minbiziak jota egoera larrian» dagoela, eta Juan Carlos Subijanak eta Oier Gonzalezek gose greban 18 egun bete dituztela gogora ekarri du Askatasunak, «errepresioaren adibide» gehiagoren artean. Kasu horietan politikariek ez dute «erreakziorik» agertu eta «komunikabideen isiltasuna» nagusitu da, dio Askatasunak, baina «PSEko hautetsi bati emandako betondokoak albistegiak irekitzen ditu, eta atxiloketak ekartzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.