Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak gaur goizean Bizi Berri IV plana onartu du, eta bihar emango ditu horren gaineko argibideak Iñigo Urkullu lehendakariak, Labi batzordeak egingo duen bileran. Aurreratu dute plan hori urrira bitarterako pentsatuta dagoela; izurriari aurre egite aldera hilabeteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hartu ahal izango diren neurriak hortxe jasota daude. Eta «juridikoki» guztiz onesgarriak izango direla nabarmendu dute, Eusko Legebiltzarrak onartu berria baitu halakoei aurre egiteko lege bat, eta hor jasotakoen arabera onduta baitago plan berria.
Bihar Labi eratzen duten gainerako erakundeetako ordezkariei emango die Urkulluk planaren berri. Birusaren transmisioaren arabera, eta erietxeetako egoeraren arabera, hiru egoera bereizten dira planean, eta horren araberako neurriak.
Transmisioa ez da, ordea, neurriak hartzeko irizpide bakarra izango; begiratuko zaie, baita ere, txertaketaren gaineko datuei, eta birusaren aldaerei, eragina baitute horiek ere izurriaren eboluzioan. Egoeraren larritasunaren arabera, establezimenduetako ordutegia mugatu egingo dute.