Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diote Asparrenean (Araba) hilik agertu zen emakumearen hiltzaileari. Bayreutheko Probintzia Auzitegian (Alemania) epaitu dute 42 urteko gizonezkoa. Ondorioztatu dute hiltzaileak Sophia Losche gazte alemaniarra kolpatu eta larri zauritu zuela. Epaimahaiaren ustez, aurrez eragin zizkion zauriak "estaltzeko" hil zuen emakumea.
2018ko ekainaren 14an galdu zuten Loscheren arrastoa. Leipzigeko (Alemania) zerbitzugune batean igo zen kamioi batera, etxera itzultzeko asmoz, auto-stop egiten. Familiari mezu bat igorri zion, baina ez zen etxean agertu. Familiak, desagerpena salatu, eta Alemaniako Poliziak emakumea bilatzeko eskaria egin zuen. Nazioarteko bilatze agindu bat ere eman zen, Losche igo zen ibilgailua aurkitzeko. Kamioia identifikatu eta bost egunera atxilotu zuten kamioilaria, emakumea hiltzea eta haren gorpua botatzea egotzita.
Loscheren gorpua, berriz, bi egun geroago agertu zen, Asparreneko gasolina zerbitzugune baten inguruan. Ertzaintzak atzeman zuen gorpua, eta azaldu zuen usteltzen hasita zegoela. Gaineratu zuten gizonezkoa hilotza erretzen ere saiatu zela. Gasteizko auzitegi medikuntzako institutura eraman zuten gorpua autopsia egiteko.