Bizi osorako espetxe zigorra salatu dute Konstituzionalean

Herrira-k deituta, 19 lagunek giza katea osatu dute Auzitegi Konstituzionalaren aurrean

Madrilen eginiko ekimena, atzo. EKINKLIK ARGAZKILARIAK.
Erredakzioa
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen alde Herrira mugimenduak hasi duen kanpainaren barruan, ekintza «baketsu eta ikusgarri bat» egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren egoitzaren aurrean, Madrilen. Auzitegi horrek Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina edo Parot doktrina berretsi izana salatu zuten. Espetxe zigorra beteta daukaten presoen espetxealdia 30 urtera luzatzea ahalbidetzen duen neurri hori «erabaki politikoa» dela salatu zuten ekintzan parte hartu zutenek, eta neurri hori indargabetzeko exijitu zuten.

«Bizi osorako» zigorraren aurkako leloekin atondutako kamisetak jantzita zeuzkatela, hemeretzi lagun joan ziren auzitegira. Eskutik helduta, ilara luze bat eginez iritsi ziren, eta hala jarraitu zuten auzitegiko atarian. Pertsona bat identifikatu egin zuen Poliziak, baina Herrira plataformak jakinarazi duenez, «inolako arazorik gabe» egin zuten protesta.

Apirilean kaleratutako hainbat epairen bitartez, Auzitegi Konstituzionalak babestu egin zuen Gorenaren 197/2004 doktrina. Guztira, 76 euskal presori ezarri diete Parot doktrina deiturikoa. Gaur egun, horietako 59 daude zigorra betetzen.

Atzoko ekintza Herrira mugimenduak hasi duen ekintza dinamika baten barruan kokatzen da. Herenegun, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak Iruñean duen egoitzan izan ziren. Gogoratu zuten presoen sakabanaketa dela-eta haien senideek istripu ugari izan dituztela.

Ertzaintza, Donostian

Euskal presoen eskubideen alde atzo Donostian eginiko ekintza bat debekatu zuen Ertzaintzak. Manteo auzoko frontoian euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuen mural bat margotzen ari zirela, 20 polizia inguru agertu eta han zeuden lagunak identifikatu zituen. Lekukoek BERRIAri adierazi diotenez, bideokamera bat eta agenda eta txartel batzuk eraman zituzten ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.