AHT abiadura handiko trena egiteko lanetan zundaketa geologikorik ez egiteko eskatuko duAHTaren aurkako zenbait plataformak osatutako Stop AHT Zundaketak ekinaldiak. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotuko dituen bizikleta ibilbidea osatuko dute hiru egunez. Zundaketek eta oro har AHTa eraikitzeak dakarren «inpaktu katea» salatu nahi dituzte: «Ingurumen inpaktuak, herri eta lurretan izango duen eragina, xahutze ekonomikoa, ohiko trenaren desmantelamendua eta horren zerbitzuak hobetzeari uko egitea, eta, ondorioz, enpleguak galtzea. Lehen urratsa esplorazio zundaketak dira».
Ostiralean hasiko dute ibilbidea, Irurtzunen (Nafarroa), eta handik Olatzagutira joango dira (Nafarroa). Aguraindik (Araba) irtendako beste txirrindulariekin bat egingo dute han, eta gauez kontzertuak izango dituzte Olatzagutiko gaztetxean. Larunbatean, Altsasura (Nafarroa) abiatuko dira, eta Zegama, Segura, Beasain eta Lazkao (Gipuzkoa) zeharkatuko ditu martxak, iluntzean Ataunera (Gipuzkoa) iritsi arte. Langile eta sindikatuekiko bilkurak, elkarretaratzeak eta batzar irekiak prestatu dituzte antolatzaileek geralekuetarako.
Ataundik Irurtzunerako bidea egingo dute igandean, eta, bidean zehar, Lakuntzan eta Uharten egingo dituzte galdialdiak (Nafarroa). Herri bazkariarekin emango diote amaiera ekinaldiari.
Bizikleta martxa egingo dute AHTrako zundaketen aurka
Zundaketek eta AHTak dakartzaten kalteak salatu dituzte. Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotuko ditu ibilbideak, asteburuan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu