Bizitza Da Handiena mugimenduko lau kideren aurkako epaiketak hasiko dira irailaren bigarren erdian, eta 60 gizarte eragile eta sindikatu baino gehiago biltzen dituen sareak epaiketen kontrako hainbat protesta ekintza iragarri ditu. Lehena, gaur bertan egin dute. Auzipetuekin elkartasun argazkia atera dute bi kide atxilotu zituzten toki berean: Donostiako Tabakaleraren parean.
Auzipetuetako bi maiatzaren amaieran atxilotu zituzten, Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egin zuen goi bilera dela-eta, Bizitza Da Handienak deitutako mobilizazioetan parte hartzen ari zirela. Horrez gain, poliziak dozena bat lagun identifikatu zuen protestetan. Ertzaintzaren jarrera "bortitza" eta "neurrigabea" salatu zuen mugimenduak, hurrengo egunean. Bizitza da Handienak salatu duenez, atxiloketen helburua atzerriko ordezkariek protesta sozialik ez ikustea izan zen. Horretarako, "zakur, drone eta taktika militarrak" erabili zituela adierazi dute. Hilaren 17an deklarazioa hartuko diete bi atxilotuei.
Protesta sozial erabat zilegietan parte hartzeagatik epaitu nahi dituzten lagunei mezua:
— Bizitza Da Handiena! (@bizitzahandiena) 2018(e)ko irailaren 12(a)
ZUEKIN GAUDE.
"Euskal Erregimenari" mezua:
Egungo egoerarekin ez gaude inolaz ere ados. Gutako inor erasotzen baduzue, denok erasoko gaituzue.
Herritarrok elkar defendatzen dugu. pic.twitter.com/yT7Z3bXJux
Beste bi lagunei, ordea, usurpazio delitua leporatu diete: maiatzaren 19tik aurrera astebetez Donostiako Idiakez kalean eraikin publiko bat okupatzearen ardura egotzi diete. Haien aurkako epaiketa hilaren 25ean izango da. Auzipetuen artean dago mugimenduko eragile sozialen defentsa lanetan aritu den Haizea Nuñez Palacio abokatua. "Onartezina da ikustea herritarrok gure eskubideen defentsan hautatzen ditugun abokatuon lana poliziak eta epaileek jazartzen dutela. Herritarron defentsa eskubidearen aurkako erasoa izan da, eta bide guztiak jorratuko ditugu bertan behera gera dadin. Eragile guztiok gogor salatzen dugu hori eta ardurak eskatuko dizkiegu Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegiko epaileari", adierazi du Bizitza Da Handiena plataformak.
Lau auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu du mugimenduak, epaiketak hasiko diren egunetarako, Donostiako Egia auzoko epaitegien parean. Irailaren 17an, 09:30ean egingo dute elkarretaratzea, eta, irailaren 25ean, 10:00etan.
Mugimenduak nabarmendu du epaiketak "elkarrekin lanean jarraitzeko arrazoi bat gehiago" direla. "Herri boterea eraikitzen jarraitzeko asmo irmoa daukagu, egungo egoerarekin ez baikaude inolaz ere ados", gaineratu dute.