Nuclenor isilik dago. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak eskatu dio bidal ditzala Garoñako zentral nuklearraren jarduna betiko ixteko txostenak. CSNk asteazkenean erabaki zuen eskaria egitea, eta haren gutuna jasotakoan erantzungo duela esan zion Nuclenorrek BERRIAri atzo. Baina oraindik ez du ezer esan Nuclenorrek, Iberdrolak eta Endesak erdibana osaturiko enpresak. Industria Ministerioak eta CSNk ere ez diote berririk eman kazeta honi; Nuclenorrek zer egingo zain daude. Zentralaren jarduera 2019 arte luzatzeko baimenik eskatu ez duelako, 2013ko uztailean ixteko prozedura abiatu du CSNk. Ikusteko dago enpresak zer jokabide hartuko duen, baina, heldu den urtean Garoñako zentrala itxiko balitz ere, husteko lanak luze joango dira. Orain, bi zentral nuklear desmuntatzen ari da Espainiako administrazio publikoa: Zorita (Espainia) eta Vandellos I (Herrialde Katalanak). Zoritak35 urte baino gehiago beharko ditu husteko; Vandellos I zentralak, 40 baino gehiago. Garoña 2013ko uztailaren 6an itxita ere, aurten jaiotako haur batek40 urte inguru izango ditu desmuntatzerako; bizitza erdi bat.
Garoña ixtekotan, Enresa arduratuko da lan horiez. Hondakin erradioaktibo eta nuklearrak kudeatzeaz arduratzen da enpresa publiko hori, 1984az geroztik. Garoñaren kasurako, iazko abenduan aurkeztu zuen desmuntatzeko lehen plana Enresak. Legez behartua zegoelako aurkeztu zuen plana. Gainera, zentral nuklearrei buruzko erabakirik ez duela hartzen argitu du Enresak. Industria Ministerioak eta CSNk emandako aginduen arabera jarduten du. Garoña ixteari ekiteko oinarria jarria dago berez: CSNk prozedura abiatu du, eta Enresak aurkeztua du zentrala desmuntatzeko aurreneko plana.
Industria Ministerioak orain zer agindu emango zain dago, ordea, Enresa; ez dagokio beste urratsik egitea. Garoña desmuntatzeari buruz hitz egiteko ere goiz dela uste du. Zentral bakoitzari neurrira egin behar zaio ixteko plana, egitura eta erregai ezberdinak dituelako bakoitzak. Zentrala datorren urteko uztailaren 6an geldituko balitz, orduan hasiko litzateke Enresa behin betiko plana egiten, ez lehenago.
Ez dira asko munduan desmuntatzen ari diren zentral nuklearrak, lehenak 1970eko hamarkadan eraiki eta oraindik lanean ari direlako. Baina gertu dira bi adibide, Vandellos I eta Zorita, biak ere Enresaren kargu. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak zehaztua du, gainera, eraisteko lanak nola egin behar diren. Garoña ere, Zorita eta Vandellos bezala, hiru fasetan itxiko litzateke. Lehendabizi, zentrala modu seguruan gelditzeko lanak egin behar lirateke, erreaktoreko erregaia atereaz eta hondakinak egokituz —Nuclenorrek egin behar luke lan hori—.
Ondoren, bigarren fasean, ixteko plana diseinatuko luke Enresak, eta plana garatzeko baimenak eskuratu beharko lituzke—ingurumen baimena, obretarako baimenak, nazioartekoak, CSNren onespena...—, eta zentralaren jabetza hartuko luke. Bigarren fase horretan hasiko lirateke eraikinak desegiten; erreaktore nuklearraren eraikina ez beste guztiak kenduko lituzke, argindar, gas, ur eta gainerako azpiegiturak ere desmuntatuta. Erradioaktibitateak kutsatutako eremuak ere garbitu beharko lituzke.
25 urtez zigilatuta eta geldi
Lan horiek bukatutakoan, erreaktorea zigilatuko lukete, 25 urterako. Hori egin zuten Vandellosen 2003an, eta hala egingo dute Zoritan 2016 alderako. Beharrezkoa da epe hori igarotzea, erreaktorearen barruko erradiazio maila jaisteko eta lanekin jarraitzeko. Hirugarren fasean sartutako desmuntatze lanik ez da inguruan; erreaktorea desmuntatu beharko litzateke fase horretan, eta ingurua lehengoratzeko lanak egin.
Garoñakoa bezalako kasurik ez zaio egokitu, orain arte, Espainiako administrazioari. Orain arte abiatutako bi itxiera prozeduetan jabeak ados zeudela lan egin dute. Adibiderako: Enresak Zorita gelditu baino hiru urte lehenago aurkeztu zuen lehen plana —Garoñarekin, urte eta erdi lehenago aurkeztu du—; Union Fenosa Zoritako jabeak zentrala gelditzeko eskaera egin zuen urtebete lehenago —Garoñaren kasuan, jabeak ez du eskaera hori egin oraindik—.Zail da, beraz, Garoñako zentrala desmuntatzeko lanak Vandellos I eta Zoritako desmuntatze lanekin parekatzea; edozein kasutan, luze joko lukete. Zorita, esaterako, 2006an gelditu zen; Enresak 2010ean hasi zituen husteko lanak, eta 2016an bukatzea espero dute. Vandellos I, berriz, 1989an gelditu zen; 2003an amaitu zituzten bigarren faseko lanak, eta 2028an espero dute hirugarren faseari ekitea. 42 urte beteko ditu Garoñak 2013an; itxita ere, bizitza erdia geldituko zaio artean.
Bizitza erdi bat, zentrala husterako
Lau hamarkada baino gehiago iraungo du Zorita eta Vandellos I zentral nuklearrak ixteko lanak, Garoñakoak iraungo lukeenaNuclenorrek ez dio oraindik erantzun Garoñako zentrala ixteko txosten eskariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu