Bizitzaren eta heriotzaren jabe izan behar du norberak. Gaixoei ezin zaie ukatu hilurren daudela jakitea eta bizitzaren amaieran autokontziente izatea. Francisco Cruz Quintana psikologoak (1962, Andujar, Espainia) argi dauka norberak izan behar duela bere heriotzaren giltza, atzo EHUren udako ikastaroetan kontatu zuenez.
Hilurreneko gaixoaren sufrimendua arintzeko protokolorik eza traba izan liteke haren ingurukoentzat eta osagileentzat, hitzaldian adierazi duzun gisan.
Bizitzaren amaierako prozesuko sufrimenduaren arreta gai korapilatsua da oso. Min fisikotik harago doa sufrimendua. Horregatik eskaintzen dira zaintza aringarriak gaixoaren bizi-kalitateari begira. Heriotzaren presentziaren edo galera psikologikoa- ren aurrean, gaixoaren sufrimendua arintzen saiatzen gara. Bai-na kasuan kasuko erantzuna eman behar da, sufritzeko motiboak ez baitira berdinak kasu orotan.
Latza izaten da gaixoari bere gaixotasuna hilurrenekoa dela kontatzea. Informazioa ezkutatu edo geroko uztea erabakitzen dute osagileek eta gaixoaren ingurukoek zenbaitetan. Zerk daramatza halako erabakia hartzera?
Hilurreneko gaixotasunaren diagnosia agoniarekin nahasten dute zenbait profesionalek. Baina, gaixoaren psikologiarekin edo familia arazoekin eta bizitzaren amaierako prozesurako prestaketarekin zerikusia duten zaintza aringarriak atzeraezinak izanik, gaixoa tratatzeko astia izan behar dute profesionalek, ezinbestean. Hala, erosotasuna, bizi-kalitatea eta heriotza duina bermatzeko aukera gehiago izango dute. Hain da gogorra profesionalen parte hartze emozionala zenbait kasutan, ezen hilurreneko gaixotasunaren diagnosia emanez gero gaixoari bizitzarako aukerak ukatuko dizkiotela edo haren alde borroka egiteari utziko diotela uste duten. Alderantziz gertatzen da, gaixoak bestelako zaintza aringarriak jaso ditzan sustatuko baitute profesionalek diagnosia emanez. Hori da haren alde egiteko era bakarra.
Gaixoak beren espektatibak beteko ez dituen erabaki bat hartuko duen beldur al dira profesionalak eta gaixoaren ingurukoak?
Aukera ematen bazaio, bere nahia azalduko du gaixoak, eta profesionalaren edo senideen iritziaren aurkakoa izan liteke, nola ez. Kontua da hilurreneko gaixotasunaren diagnosiaz informatze hutsak ez diola sufrimendurik erantsiko egoeraren beraren larritasunari, zalantza baztertu eta ziurgabetasuna deuseztatuko baitu. Talka ikaragarria da gaixoarentzat egoera ezagutzea, baina horri aurre egiteko era bakarra ere bada.
Kultura kontua al da, kultura judu eta kristauaren oinordetza al dagogaixoari subjektu autokontziente izatea ukatu eta haren ordez erabakitzeko joeraren atzean?
Planteamendu paternalista da bai osasun sistemarena, baita senideena ere. Nago heriotza existitzen dela onartzeko ezintasunaz zeresanik ematen duela horrek. Zein eragin ote du paternalismo horrek? Nik uste dut okerreko praxia dela kasu hauen arazoa. Gaixoak badu jakitea edo ez jakitea erabakitzeko eskubidea, eta haren esanak bete behar ditugu ingurukook.
Jende gehienak dio azkar eta minik gabe hil nahiko lukeela, baina gaixoaz edo inguruko norbaitez ari garenean, kosta egiten da sufrimendua eten nahi duenaren erabakia ulertzea.
Norbera da bere bizitzaren amaierako prozesuaren jabe. Bizitzaz legez, guk geuk erabaki behar dugu gure heriotzaz ere.
Nola ulertzen duzu zuk gaiak gizartearen zenbait sektoretan eragiten duen ezinegona?
Heriotzan pentsatzea ukatzen duen kultura bat da geurea. Gai honen inguruan ez gaituzte hezten, eta gero eta hauskorragoak gara, heziketarik ez dugunez ez baitugu gaiari aurre egiteko baliabiderik. Haurrei heriotzaz hitz egin behar ez zaielako uste ustela dugu. Baina haurrek badute heriotzaz kezkarik, eta erantzun faltan gelditu ohi dira helduei galdetzean. Heriotza ukatzen dugu, eta berdin gertatzen zaigu sexualitatearekin ere, besteak beste.
Esan liteke gaiari bere osoan heldu beharrean sexu harremanak ditugunean edo hilzorian gaudenean bakarrik egiten dugula pedagogia?
Hori da. Une jakin batzuetan soilik planteatzen ditugu gaiok. Baina sexualitatea zein heriotza gure bizitza osoaren parte direla ulertu behar dugu, behingoan. Heriotzaren gainean hezten bagara, geure heriotzari, ingurukoenari zein gaixoenari duintasunez aurre egiteko gai izango gara. Egoera ez da samurra izango, ez, baina bizi-kalitatez eta duintasunez amaitzeaz ari gara, gure heriotzaren jabe izateaz eta honakoa era autokontziente eta aktiboan bizitzeaz.
Francisco Cruz Quintana. Psikologo klinikoa eta irakaslea
«Bizitzaz bezala, guk geuk erabaki behar dugu gure heriotzaz ere»
Bizitzaren amaiera kalitatez eta duintasunez bizitzeko eskubidea du aldarri, eta nork bere heriotzaren jabe izan behar duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu