Araba

«Bizitzea merezi duen udalerri baten alde» lan egingo du Viterok

Herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak «modu partekatuan» adostu nahi ditu EH Bildukoak

Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroiabe eta Unai Fernandez de Betoño, gaur. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko maiatzaren 23a
17:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko EH Bilduren programan 200dik gora neurri daude jasota. Eskala handiko zein txikiko erronkei aurre egiteko proposamenak bildu ditu koalizioak dokumentuan: demografia eta zaintza esparrukoak, larrialdi klimatikoa eta trantsizio ekologikoari lotutakoak eta etxebizitza, mugikortasuna, industria, zerbitzuak eta kultura alorrekoak, besteren artean. Rocio Vitero alkategaiakazaldu duenez,«gasteiztar guztien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzera» bideratutako neurriak jaso dituzte programan, eta Gasteiz «bizitzeko toki» bat baino gehiago izatea dute helburu: «Gasteiz ez da soilik bizitzeko leku bat, bizitzea merezi duen udalerria baizik». Xede horri helduta lan egingo duela hitzeman du Viterok. «Gure auzokideek hobeto bizitzea ahalbidetuko duten proiektu eta politika publikoak martxan jarriko ditugu».

Hiri ereduari buruzko proposamenak aurkezteko ekitaldia egin du EH Bilduk goizean, Gasteizen. Hainbat zerrendakide eta Eva Lopez de Arroiabe ahaldungai nagusia ondoan dituela eman zituen azalpenak Viterok. Esplikatu du EH Bilduk «bizitzeko hiri bizi eta anitza» defendatzen duela, «lehen eta bigarren mailako» auzorik eta auzokiderik gabe, eta zerbitzu eta eskubide«gehiago eta hobeekin».

Gasteizko alkate aukeratzen badute, iparrorratz argi batekin lan egingo duela azaldu du: hirian bizi diren pertsona guztien bizi kalitatea hobetzeko, hain zuzen. Helburu hori «modu partekatuan» lortu nahi du, gainera: «Erakundearen ateak ireki nahi dizkiegu hobetzeko ideiak eta proposamenak dituen ororen parte hartzeari eta ekarpenei». Izan ere, Gasteizko alkategaiaren iritziz, jendeari arreta jartzea ez da «ahultasunaren» seinale, «partekatutako» hiri proiektu baterako oinarri baizik.

Erronkei, soluzioak
Erronka demografikoari, larrialdi klimatikoari eta zaintzari erreparatzea premiazkotzat jo du Viterok. Azpimarratu du erronka horiek politika «integralak eta zeharkakoak» behar dituztela, eta udalen ardura ere badela horiek martxan jartzea. Besteak beste, adinekoen arreta «duina, kalitatezkoa eta publikoa» bermatzeko, San Prudentzioeta Ariznabarra adinekoen egoitzak erreformatuko dituela jakinarazi du. Horrez gain, iragarri du Olarizun eta Alde Zaharrean osasun zentro berriak bultzatuko dituztela, auzoak birgaitu nahi dituztela Sansomendi auzotik hasita, eta udal etxebizitza parke bat sortzeko asmoa dutela.

Mugikortasunari dagokionez, EH Bilduk bi proiektu estrategiko dituela gogoratu du. Alde batetik, Altsasu (Nafarroa) eta Miranda de Ebro (Burgos, Espainia) lotzen dituen aldiriko trenaren aldeko apustua egin du. Bestetik, hiriko barne mugikortasunari begira, Zabalgana eta Salburua auzoetan trenbidea lurperatzea eta han bi geltoki berri sortzea proposatu du. Era berean, industrialdeetarako mugikortasun plan bat onartuko duela hitzeman du, eta bizikleta eta oinezkoentzako «espazio seguruak» lortzeko inbertsio plan bat eta ordenantza bat onartuko dituela iragarri.

Kulturari ere so egingo dio Viterok datozen lau urteetan, eta bi proiektu lehenetsiko ditu. Batetik, indartu egingo du Oihaneder kultur zentro gisa. Oihaneder sortegia izena izango du proiektuak, kultur sorkuntzako gune gisa funtzionatuko du, eta «diziplina anitzetako sorkuntza eta produkzio espazio malgu, ireki eta parte hartzailea» izango da. Bestetik, lan egingo du Iradier Arena espazio eszeniko «handi» batean bihurtzeko datorren agintaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.