2012ko aurrekontuak

Bizkaian atzera bota dituzte osoko zuzenketak

Batzar Nagusiek ez dituzte onartu Bilduk eta PSEk EAJren aurrekontuen aurka aurkeztu zituzten osoko zuzenketakEAJk PPrekin egindako itunari esker egingo du aurrera aurrekontuen proiektuak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Lehen oztopoa gaindituta, aurrera jarraitzen du Bizkaiko aurrekontuen tramitazioak. Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dituzte Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak aurkeztutako proposamenari PSE-EEk eta Bilduk egindako osoko zuzenketak, EAJk PPrekin egindako akordioari esker. PPk abstentziora joz lortu du EAJk osoko zuzenketak bazterrean uztea.

Gernikako Juntetxean egindako eztabaidan, 2012rako EAJk aurkeztutako aurrekontuak defendatu ditu Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak. 7.134,6 milioi eurotako aurrekontuak «gogorrak» eta «doituak» direla azaldu du Iruarrizagak. Hala eskatzen duela krisi ekonomiko egoerak, baina, hala ere, oinarrizko zerbitzu publikoei eutsi egingo dietela. 2011ko aurrekontuak baino %1,65 txikiagoak dira hurrengo urterako aurkeztutakoak, eta 20 milioi eurotako zorpetze garbia aurreikusten dute.

Aurrekontuetarako proposamenaren arabera, 7.134,6 milioi euroetatik 1.792,1 milioi instituzioaren beraren kudeaketara bideratuko dira (aurten baino%5,3 gutxiago), 748 milioi Gizarte Ekintzara, 141 milioi Ogasun eta Finantzen departamendura; 330 milioi Lan Publikoak eta Garraioetara, eta, 53 milioi euro Nekazaritzara.

Iruarrizagaren hitzetan, 2012. urtean «lanpostu batzuk» sortuko dira, baina ez «behar adina». Edozein kasutan, bere alderdiak egindako aurrekontuek krisiaren «eragin txarra arintzeko» balioko dutela dio.

Ez Bildu eta ez PSE-EE ez daude horrekin ados. Joseba Gezuraga Bilduko batzarkideak ohartarazi duenez, Aldundiak aurrekontuen bidez aurkeztutako «eredua» ez dator bat egungo krisi egoerako beharrekin, «proiektu handiegien aldeko apustua» egiten duelako eta beharrizan sozialetara bideratutako baliabideak «murriztu» egiten dituelako.

Gizartearen beharrizanetara egokitu eta ondasunaren banaketa «justuagoa» egituratzeko, zerga sistemari buruzko eztabaida egin beharra dagoela ere ohartarazi du Bilduk, eta, EAJrentzat «sekula» ez dela horretarako «momentu egokia», salatu du.

Iñaki Egaña PSE-EEko batzarkideak ere zerga sistemari eta iruzur fiskalari buruzko «eztabaida zintzoa» eskatu du ongizateari eutsi ahal izateko. Ahaldun nagusiaren jarrera ere gaitzetsi du, inbestidura saioan agindutako konpromisoak betetzetik urrun dauden aurrekontuak aurkeztu dituela uste duelako. «Diru sarrerak gutxitzea, ohiko gastua %15 handitzea eta inbertsio publikoa murriztea proposatu du aurrekontuetan», argudiatu du.

Esther Martinez PPko batzarkidearen hitzetan, bere alderdiak EAJrekin egindako akordioak aurrekontuak «hobetu» ditu, PPk «arduraz» jokatzen jakin duelako. Akordioa «garbia» izan dela adierazi du, eta lanpostuak sortzera zein gizarte zerbitzuak hobetzera bideratua dagoela.

Unai Rementeria EAJren bozeramaileak eskertu egin dio PPri emandako laguntza, eta gainontzekoentzat ere eskuak zabalik dituela esan du.

Araban, EAJ da zalantza

Arabako Batzar Nagusiek ostiralean egingo dute PPren aurrekontuei Bilduk eta Ezker Batuak egindako osoko zuzenketei buruzko eztabaida. PPk lortua du PSE-EEren babesa, eta EAJk ez du oraindik argitu zein izango den bere jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.