Koronabirusa

Bizkaian susmopean zegoen pazientea ez du koronabirusak eritu

Berriki Txinan ibilitako emakume bat da, eta, horregatik, aparteko neurriak ezarri dizkiote: bakartuta eduki dute erietxean

Gurutzetako erietxea. Han dute emakumea bakartuta. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko urtarrilaren 26a
09:45
Entzun

Txinan hedatzen ari den koronabirusaren inguruko albisteek zedarritu dute astea, eta atzo iluntzean jakin zen Euskal Herrian ere bazela kasu susmagarri bat; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prentsa ohar baten bidez azaldu zuen birus horrek erituta egon zitekeela Gurutzetako erietxean (Barakaldo) ospitaleratuta dagoen andrazko bat. Hain justu horrexegatik, badaezpada ere, bakartuta zeukaten erietxean. Gaur arratsaldean esan dute, ordea, paziente horri egindako azterketen emaitzak jaso dituztela, eta ez dagoela erituta birus horren ondorioz. Pneumonia du, baina ez birus klase horrek eragindakoa.

Txinan ibili berria zen, eta, haren sintomak aintzat hartuta, baziren motiboak susmoak izateko; horregatik eman zioten arta berezia. Bazekiten Txinan Wuhan inguruan ibilia zela; gaitza inguru haietan hedatu da gehien, eta horrek susmoak handitu zituen. Osasun agintariek «lasaitasun» mezua zabaldu nahi izan dute orain arte koronoabirusaren harira, eta mezu hori bera errepikatu nahi izan dute susmopean zegoen kasu honen berri eman eta gero ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko agintariek gogoratu dute osasun sistemak halakoetarako ezarriak dituen «prebentzio, detekzio, jarraipen eta ekintza» sistemek ondo dihardutela, eta ez dela aparteko neurririk hartu behar.

Erraz zabaldu ohi diren beste hainbat eritasunez ohartaraztean egiten duten bezala, oinarrizko garbitasun arau batzuk gogora ekartzea garrantzitsua dela esan dute; eskuak xaboi eta guzti maiz garbitzea, eztul eta doministiku egitean ahoa tapatzea, eta paperezko mukizapiak erabiltzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Eritasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeak bilera egin zuen ostiralean propio gaiaz jarduteko, eta batzordeko lehendakari Enrique Peirok esan zuen «adi» daudela, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak esan duela oraindik ez dagoela motiborik gaitz honen harira mundu gaineko alertarik emateko. Nafarroako Osasun Institutuko zuzendari Marian Nuinek ere oroitarazi du birusa zabaltzeko arriskua «apala» dela, eta foru erkidegoko epidemiologia zerbitzua «adi» dagoela, zer gerta ere.

Gaixotasun berri bat da Txinan orain zabaltzen ari den koronabirus hau, animalietatik heldutakoa, baina gizakien artean ere naro transmititzen hasi dena; hortik egunotan zabaltzen hasi den kezka. Arriskutsua da, bereziki, aurrez osasun arazoak dituzten pertsonentzat eta adinekoentzat. Arnas aparatuari erasaten dio, eta kasurik arinenetan eztula eta sukarra eragin ditzake; larrienetan, berriz, pneumonia ere izan dezakete kutsatutakoek.

Euskal Herrian kasu bat ager zitekeela gogoan hartuta, Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illa ere mintzatu da gaiaz, gaur. Autonomia erkidegoekin batera halakoei aurre egiteko protokolo bat hitzartu dutela adierazi du, eta dena ondo joango dela: «Prest gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.