Bizkaiko Foru Aldundiak errepideetan aurreikusita zituen sei obretatik hiru bertan behera utzi ditu oraingoz;atzeratu egin dituzte lanak Urbeberuaga eta Berriatua arteko errepidean, Boroa eta Igorre artekoan eta Ermuko ingurabidean. Foru aldundiak jakinarazi duenez, lan horiek «egoera ekonomikoak uzten duenean» hasiko dituzte.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuak 2012rako egitasmoen berri eman zuten atzo, Bilbon egin zuten agerraldi batean. Guztira 350 milioi euro erabiliko ditu diputazioak, datorren udan Bizkaiko errepideetan hasiko dituzten obretan: Gerediaga eta Elorrio arteko errepidean, Amorebieta eta Muxika artekoan eta Bermeotik Mungiara doanean.
Gerediaga eta Elorrio arteko errepidea lanak egingo dituen enpresak berak ordainduko ditu. Gero, foru aldundiak enpresa horri dirusari bat emango dio urtero, errepidea irekitzen denean. Garamendi diputatuaren ustez, «enpresa etaindustrialde garrantzitsua da Durangaldea, eta han beste errepide bat irekitzea lehentasunezkoa da Bizkaiarentzat».Lanak lau urtean bukatzeko asmoa dute; 237 milioi euroko kostua izango dute. Udan hasiko dituzten beste bi obrak diputazioak ordainduko ditu.
Bilbaok eta Garamendik adierazi dute «ekonomia bizkortu» nahi dutela abiaraziko dituzten hiru obrekin: «Eraikuntza sektoreari bultzada bat ematea eta lanpostu berriak sortzea da gure asmoa». Bilduk bide azpiegituren gainean hausnartzeko eskatu dio Bilbaori, eta lan horiek egiteko irizpideak aldatzeko: «Proiektu horiek beste egoera ekonomiko batean diseinatu ziren, baina orain ez diete herritarren lehentasunei erantzuten».
Bizkaiko errepideetako hiru lan atzeratu dituzte
«Egoera ekonomiko zailagatik», diputazioak bertan behera utzi ditu 2012rako aurreikusten zituen lanen erdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu