"Borroka armatuaren egitura logistiko eta operatiboak desegin" dituela iragarri du ETAk Gara eta Naiz-era igorritako agiri batean. 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jardun armatuaren behin betiko amaiera, eta hainbat pauso eman dira harrezkero bake prozesuan.
Horietako bat izan zen iazko martxoaren 14an eta 15ean eginiko Foro Soziala, prozesuari bultzada emateko. Hamabi gomendio egin zituzten bertan, eta desarmatzeari buruzkoa zen hirugarrena. Hala dio: "Zentzuzko denbora-tarte batean gauzatu beharreko prozesu honek hasieratik erakunde erraztaile independienteen esku hartzea eta laguntza izatea gomendatzen dugu, Estatuei eta bere instituzioei zein jendarteari, oro har, egindakoaren segurtasuna emateko".
Puntu gehiagori buruzkoak ere izan ziren gomendioak, eta horiei erantzun zieten euskal presoek eta iheslariek. Iazko abenduaren 28an, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iragarri zuen "lege baliabideak" erabiltzen hasiko zela etxeratze bidean. Lehenago, iazko ekainean, konponbidean eragile aktibo izateko borondatea zabaldu zuten iheslariek.
Aurtengo otsailean heldu zen armagabetzerako lehen urratsa. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak baieztatu zuen ETA armategia indargabetzen hasia zela. Desarmatze oso "laster" etor litekeela esan zuen orduan Ram Manikkalingam NEBeko buruak, BERRIAk eginiko elkarrizketa batean.
Asteon izan dira Euskal Herrian Jonathan Powell eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak. PSE, EAJ, Sortu eta Jaurlaritzako ordezkariekin egin dituzte bilerak, eta, balorazio gisa, esan dute "aurrerapausoak" espero dituztela urtea amaitu aurretik.