Furgoneta batean jarritako lehergailua eztandarazi du bart goizaldean ETAk Getxoko (Bizkaia) Areeta auzoan, itsas pasealekuan, El Abra Itsas Clubaren inguruan. Eztanda handia izan da; lekukoek agertu dutenez, kilometrotan entzun da haren oihartzuna, Nerbioiko itsas adarreko bi ertzetako herrietan. Inor ez du zauritu, ordea, kalte material handiak eragin dituen arren. Lehergailua 60 kilokoa zen, Ertzaintzak esan duenez; oraindik ez dakite zertaz zegoen osatua.
Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur Getxon esan du lehergailua El Abra Itsas Clubera "zuzendua" zegoela, eta urtarrilaren 31n herri hartako Andra Mari auzoan utzita aurkitutako beste baten "antzekoa" zela -garagardo upel batean 30 kilo lehergai topatu zituzten orduan-.
Goizeko 00:50 inguruan lehertu da bonba. Ia ordubete lehenago, 23:55ean, Bizkaiko DYAra deitu du norbaitek ETAren izenean ari zela eta lehergailuaren berri emanez. Ordubeteko epean lehertuko dela ohartarazi du. Horrenbestez, ingurua jendez hustutzeko eta hesitzeko astia izan du Ertzaintzak, etahorrek eragotzi du inor zauritzea.
Esan bezala, kalte materialak handiak dira, batik bat, El Abra Itsas Clubean: zulo handia egin du eraikin horretan, eta horma eta kristalak hautsi ditu. Inguruko etxebizitzetan ere leihoak eta kristalak hautsi ditu. Udalak bulegoa ireki du bizilagunen kexak-eta jasotzeko. Herritar batzuk etxera ezin itzulita daude, kalte handiak daudelako euren etxeetan.
Imanol Landa Getxoko alkateak (EAJ) gogor gaitzetsi du atentatua, eta kalteen neurketa zehatza egunean zehar egingo dutela agertu du.
2000. urtetikETAk Areeta inguruan jartzen duen zazpigarren lehergailua da gaurkoa. Enpresaburu eta politikari asko bizi dira Areetan.
atentatua
Bonba-furgoneta bat zartarazi du ETAk Getxon, eta zauriturik ez den arren kalte material handiak eragin ditu
Areeta auzoko itsas pasealekuan lehertu da, goizeko ordubatak hamar gutxitan. Ordubete lehenago abisua eman du ETAk, eta ingurua hustu eta hesitu ahal izan du Ertzaintzak. Lehergailua 60 kilokoa zen, eta Balzak dio El Abra Itsas Clubera "zuzendua" zegoela. Udalak bulegoa ireki du bizilagunen kexak-eta jasotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu