Bonnemaisonek oraingoz aske jarraitzea erabaki du Paueko Auzitegiak

Epaileek diote berriro ere ez duela deliturik egingo egun jarriak dituen behin-behineko neurriekin

ainara arratibel gascon
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Lasai geratu naiz, eta Justiziaren esku. Hildako gaixoak, haien senideak eta babesten nahiz maite nautenak ditut gogoan. Mediku gisa jardun nuen, eta ez naiz eutanasiaren militante bat». Baionako Ospitaleko mediku Nicolas Bonnemaisonen lehen hitzak dira, Paueko Auzitegiak (Frantzia) oraingoz ez duela kartzelatuko jakin eta gero. Dena den, auziak aurrera jarraitzen du, eta Bonnemaisonek ezarrita dauzkan behin-behineko neurri judizialak betetzen jarraitu beharko du: mediku gisa ez jardutea eta Baionako erietxeko langileekin nahiz hildako gaixoen senideekin harremanik ez izatea. Horrez gain, Frantziako Medikuen Elkargoko osoko bilkurak gaur erabakiko du haren aurkako salaketarik jartzen duen edo ez. Aurreko astean salaketa jartzeko eskatu zuten elkargoko buruek.

Bonnemaison abuztuaren 10ean atxilotu zuten. Hasiera batean, lau gaixoren heriotzarekin lotura izatea egotzi zioten, baina gerora jakin zen zazpi zirela. Eriei jarritako injekzioak «berariaz» egin zituela aitortu zion hasieratik Poliziari. Baina injekzio horiek hiltzear zeuden gaixoen «sufrimendua laburtzeko» xedez jarri zituela. Eutanasia aktiboa egitea leporatu zion epaileak, baina baldintzapean aske utzi zuen.Handik egun gutxira, erabakiaren kontra helegitea aurkeztu zuen Baionako prokuradore ohi batek Paueko Auzitegian. Preso sartzeko eskatu zutenek argudiatzen zuten ordena publikoa nahastea zela Bonnemaison aske uztea eta lekuko batzuei presioa egin ziezaiekeela deklarazioa aldatzeko, batez ere erizainei.

Aurreko astean deklaratu zuen Bonnemaisonek helegitearen harira, eta errugabea zela defendatu zuen beste behin. «Nire asmoa ez zen izan heriotza eragitea. Hiltzear zeuden pertsona horien sufrikarioa eta familiek zituzten zailtasunak arindu nahi izan nituen». Gainera, nabarmendu zuen familiekin harremanetan zegoela. «Niretzat gaixoa eta senideak banatu ezinak dira».

Bi gauza argitu nahi izan zituen auzitegiko presidente MichelTreillesek: erien bizia laburtzeko erabakia bere kabuz eta inori esan gabe hartu ote zuen, eta egia ote zen erien heriotzari buruz txisteak egin zituela.

Epaileek ontzat hartu dituzte Bonnemaisonen argudioak, eta ez dute onartu hura baldintzapean aske geratzearen aurkako helegitea. Haien arabera, kartzelatzea soilik oso egoera berezietan hartu behar den erabakia da. Gainera, uste dute ezarrita dauzkan behin-behineko neurriekin bermatzen dela deliturik ez duela egingo. «Ordena publikoa ez da arriskuan jartzen. Gainera, erabakiak ezin dira hartu kasuak hedabideetan hartu duen oihartzunagatik». Horri lotuta, epaileek diote Bonnemaisoni leporatzen dioten delituak gizartean eragin duena eutanasiari buruzko eztabaida dela.

Elkargoaren erabakia, gaur

Baina auzitegietatik kanpo ere kasua ari da bidea egiten. Frantziako Medikuen Elkargoko osoko bilkurak, adibidez, gaur erabakiko du Bonnemaison salatzen duen edo ez. Iragan astean, erakunde horretako buruek salatzeko eskatu zuten. Haien ustez,Bonnemaisonek ez du errespetatu Leonetti legea, hiltzear daudenen azken uneak arautzen dituena. Kode deontologikoko 37. eta 38. artikuluak ez errespetatzea ere egozten diote. Artikulu horiek diote gaixoak izan ditzakeen minak «gehiegi tematu gabe» lasaitu behar dituela medikuak eta ez duela eskubiderik nahita gaixoaren heriotza eragiteko. Elkargoko buruek eskatu dute, gainera, salaketa aztertuko lukeen bulegoa Akitaniakoa ez izatea, «sosegua eta independentzia» ziurtatu ahal izateko.

Elkargoko arduradunek Bonnemaisonen ekintzak kritikatu zituzten, eta medikuak erabakiak bere kabuz hartu izana salatu zuten. Eriak hiltzeko nahita ziztadak egin izana ere gaitzesgarritzat jo zuten.

Irizten diote ez direla bete hiltzekotan diren eriei eta haien senideei laguntzeko bete beharreko baldintzak. Beraz, deontologiaren izenean zigor dezakete Bonnemaison. Epaia izan daiteke abisu bat, gaitzespen bat edota behin-behinean kargua edo medikua izateko baimena kentzea.

Orain bi aste, Bonnemaisonen aurka salaketarik ez jartzea erabaki zuen Pirinio AtlantikoetakoMedikuen Elkargoak. Ez zituzten zehaztu salaketa ez jartzeko argudioak, ezta bozketaren emaitza ere. Baina elkargoko buru Marc Renoux erabakiaren aurka azaldu zen. «Elkargoak ez ditu hartu bere ardurak. Haren jarrera koldarra izan da. Salaketa ez jartzea hutsik ez dela egin esatea da. Baina huts bat egon da», adierazi zuen. Hala, erabakiarekin elkargoak «sinesgarritasuna» galdu zuela argudiatuta, egun batzuetara dimisioa eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.