Injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzeagatik auzipetua, atzo Paueko dei auzitegian zuen hitzordua Baionako ospitaleko Nicolas Bonnemaison medikuak. Ez zen, ordea, bere auzia iragan auzitegian, baizik eta auziari loturik, Baionako prokuradoreak egin deia, Bonnemaison preso sartzeko. Izan ere, gaur egun baldintzapean baina aske da sendagilea. Dei auziaren emaitza heldu den irailaren 13an emanen du Paueko auzitegiak. Orain zazpi heriotza susmagarri daude ikertuak auzi honetan, 2011ko apirilaren 5a eta agorrilaren 3a artean gertatuak. Orain arte, lau heriotza susmagarri ziren sartuak ikerketan. Baina iragan astelehenean Baionako auzitegiak hiru heriotza gehitu ditu dosierrean. Bata ekainaren 12an gertatua, eta beste biak uztailaren 4an eta 7an. Jacques Defos Du Rauk, azken datu horiekin, «heriotza sail» bat aipatu zuen, eta heriotzak bizkortu zituela nabarmendu.
Defentsak esplikatu du Bonnemaisonek duen kontrol judiziala aski hertsia dela egun, eta ez duela zertan preso sartzerik. Gaur egun, Bonnemaisonek ezin du mediku lanik bete, eta ezin da hurbildu Baionako ospitalera.Preso sartzeko eskaera egin dutenen izenean, Jacques Defos Du Rau prokuradoreak «ordena publikoaren nahaste tematsua» aipatu zuen. Aske egonez, medikuak lekuko batzuei presioa egiten ahalko diela zeritzon, deklarazioak aldatzeko, bereziki erizainei. Gaur egun, ez dago familia bakar bat ere, haatik, Bonnemaisonen aurka salaketa jarri duenik. Funtsean, defentsaren argudio nagusietako bat horixe izan zen atzo. Horiek horrela, atzoko eztabaida baldintzapeko askatasuna baino gehiago, auziaren aitzin dasta izan zen.
Zailtasuna laburtzeko asmoz
Bonnemaison presente zela auzian, bere burua defendatzeko hitz hauek erabili zituen: «Nire asmoa ez da batere izan heriotza eragitea. Nire xedea biziaren azken uneetan ziren pertsona horien sufrikarioa eta familiek bizi zailtasuna laburtzea izan da». Zehaztu zuen, halaber, familiekin harremanetan zegoela. «Niretzat gaixoa eta senideak banatu ezinak dira. Bizia amaitzen den une horietan memento indartsuak bizi ditugu familiekin. Badakigu begirada batek zer erran nahi duen, edo eskua emate batek».
Berrogeita hamar bat pertsona hurbildu zitzaizkion auzitegira Bonnemaisoni, medikuek erabiltzen dituzten maska zuriak soinean, elkartasuna helarazteko. Auzitegiko presidente Michel Treilles-ek bereziki bi zalantza nagusien inguruan egin zizkion bere galderak Bonnemaisoni.Batetik, erien bizia laburtzeko hartu erabakia bakarrik hartu izanaz, beste erizain edo medikuei aipatu gabe. Horretaz, besteei zailtasunik ez sortzea izan dela bere borondatea ihardetsi zion medikuak. Gaineratu zuen, halaber, zerbitzuko mediku bakarra dela. Ospitaleko funtzionamenduko arazoak ere aipatu zituen Bonnemaisonek, larrialdietako zerbitzuaren «noragabetzea». Esan zuen, berez bere zerbitzuak ez dituela biziaren azken uneetan daudenak bere gain hartzerik.
Beste zalantza nagusia, Bonnemaisonek erien heriotzari buruz egiten zituen parioei buruzkoa izan zuen presidenteak. Izan ere, Bonnemaisonen jarrera seinalatu duten erizain eta laguntzaileek helarazi informazioek diotenez, Bonnemaisonek txisteak egiten zituen bere zerbitzuan zeuden zaharrei buruz. Adibide bat eman zuten atzo. Iduriz, gaixo bati buruz hitz egiten ari zela, Bonnemaisonek honela esan zion erizain bati: «Ikusiko duzu, honek ez du arratsa bukatuko, ni arduratuko naiz horretaz. Nahi baduzu, bixkotxa zati bat dezakegu». Medikuak ez du ukatu horrelakorik erran duenik. Onartu zuen «umore traketsa» duela. Beren zerbitzuetan bizi presioari aurre egiteko bide bat izan dela esplikatu zuen. Auzialdiak bi oren iraun zuen. Berez, bizi osorako presondegi zigorra arriskatzen du Nicolas Bonnemaisonek.
Irailaren 13aren zain, gaur bertan berriz aipagai izanen da Bonnemaisonen kasua, baina aldi honetan Frantziako Medikuen Elkargoaren baitan, Parisen. Bide hori, Justiziaren paraleloan doan bidea da. Pirinio Atlantikoetako elkargoak salaketarik ez jartzea erabaki zuen, baina Pariskoek, ordea, erabaki dute gaia aztertzea. Eta baliteke salaketa jartzea. Atzo prentsari hitz egin zion Michel Legmann elkargoko presidenteak. Zioen sinetsia dela gertakariak baieztatuak direla, medikuak berak hasiera batean onartu zuelako, nahiz eta orain, «defentsa kontuetarako ñabarduretan sartu». Gertakaria Leonetti legearen aurka doala adierazi zuen presidenteak.
Bonnemaisonek zazpi heriotzarekin duen lotura aztertzen ari dira
Baionako ospitaleko medikua preso sartu ala ez aztertu zuten atzo; irailaren 13an erabakiko du Paueko auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu