Bonnemaisonen aurka salaketarik ez du jarriko tokiko medikuen elkargoak

Erakundeko presidentea ez da ados; Frantziako elkargoko eledunak esan du sendagilea zigortzeko asmoa dutela

Baionako ospitalean hainbat mediku eta osagarri saileko langile bildu ziren joan den agorrilaren 17an, medikuari elkartasuna helarazteko. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Sekretupeko bozketa baten bidez, Nicolas Bonnemaison Baionako ospitaleko medikuaren aurka salaketarik ez jartzea erabaki du Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoak, ostegun gauean Baionan iragan bilkuran. «Eztabaida biziki luzea eta animatua» izan zen, Marc Renoux elkargoko presidentearen hitzetan. Injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzeagatik auzipetuta, auziaren zain da Bonnemaison. Lau bizi eten izanaz akusatzen dute. Baldintzapeko askatasunean dagoenez, ezin du mediku lanik bete.

Renouxek ez ditu zehaztu nahi izan salaketa ez jartze hori motibatu dituzten argudioak, ez eta zenbat boz izan diren alde, eta zenbat aurka. Haatik, berak pertsonalki bilkuran salaketa jartzearen aldeko boza eskatu zuela azaldu du, eta bozketaren erabakiarekin ez dela ados adierazi du: «Nahiz eta juridikoki erabakiari lotua naizen, ez dut bat egiten. Elkargoak ez ditu bere ardurak hartu. Haren jarrera koldarkeria dela pentsatzen dut». Haren iduriko, hiru elementu ez dira nahasi behar: «Bonnemaison medikuaren mediku gaitasunak eta balio humanoak ukaezinak dira. Bonnemaison goi mailako medikua da; hori, bat. Bada beste elementu bat ere, biziaren azken orduez bakoitzak daukan filosofiarena. Hori eztabaidatu daiteke. Nihaur eztabaidatzeko prest naiz. Ni ere horretan nabil lanean, Hendaiako Marin ospitalean. Baina, bada lege bat ere. Hemen urratu du kode deontologikoaren 38. artikulua. Hori onartezina da. Medikuen elkargoa instituzio errepublikanoa da, eta legea zein den azaltzea da haren betekizuna. Frantziako Errepublikan, zuzenbide estatu batean gaude, eta, ondorioz, legea urratzea onartzea ezinezkoa da. Salaketa ez jartzea, hutsik ez dela egin erraitea da; alta, huts bat izan da». Instrukzio baterako badela aski elementu deritzo Renouxek, «nahiz eta elementu aringarriak» izan daitezkeela ez ukatu.

Salaketa, Paristik

Halere, afera ez da horretan geldituko. Izan ere, Frantziako medikuen elkargoak salaketa jar dezake oraindik. Bi entitateak autonomoak dira. Eta Parisen horren aztertzen ari dira, hain zuzen. Andre Deseur Frantziako elkargoko bozeramaileak kritikatu du Baionako bilkuran hartu erabakia, AP agentziari egin adierazpenetan. Urrunago joan da erranez haiek salaketa jar dezaketela. Alderantzizkoa «ezegokia» litzateke. Haren ustez, Baionan hartu den erabakian, «medikuarekiko atxikimenduak gaina hartu dio errealitateari». Eta, ondorioz, gaia deslokalizatzea hobe, «lasaitasun handiagoa» lortzeko. Bozeramaileak Europe 1 irratiari aipatu dizkio medikuaren aurka zer zigor hartuko lituzketen: «Zigorrak zein heinetakoak izanen diren ezin dut aitzinatu, baina gertakarien larritasuna ikusirik, zaila da pentsatzea zigorrak arinak izanen direla». Berez, medikuen elkargoak eman dezakeen zigorra abisu bat izan daiteke, gaitzespen bat edota behin-behineko kargu kentzea. Urrian biltzekoa da elkargoa, Parisen. Bainabaliteke irailean bilkura berezi bat antolatzea gai horren aztertzeko.

Paraleloki, justiziaren bideak segitzen du. Heldu den asteartean, Paueko dei auzitegiak Baionako prokuradoreak Bonnemaison medikuaren baldintzapeko askatasunaren aurka egin deia aztertuko du. Joan den agorrilaren 9an atxilotu zuten sendagilea, eta 12an jarri zuten auzipean. Nahiz eta lau bizi eten izanaz akusatua izan, mementoko ez dago familiarik Bonnemaisonen aurka salaketarik jarri duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.