Martxoak 8. Emakumeen Eguna

Borroka ez dago krisian

Egoera ekonomikoak batik bat emakumeei eragin diela salatu du mugimendu feministak Martxoaren 8ko manifestazioetanErasoen kontrako eta eskubideen aldeko aldarriak nagusi izan dira protestetan

Ehunka lagun bildu ziren Donostian krisiak bereziki emakumeei eragin diela salatzeko. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak bereziki emakumeei eragin diela salatu zuen mugimendu feministak, atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Euskal Herriko hiri eta herrietan antolatutako ekitaldietan. Horri lotuta, emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko aurrekontuak exijitu zituzten, krisiaren aurka gobernuek hartu dituzten neurriek gehien beraiei egin dietelako kalte.

Donostiako manifestazioa 19:30ean abiatu zen Bulebarretik, eta bertan ehunka lagunek hartu zuten parte. Manifestazioan erasoen eta matxismoaren kontrako aldarriak entzun ziren, baita borroka feministaren aldekoak ere. Manifestazioaren ondoren irakurritako testuan, gogorarazi zuten krisiaren eraginez gizarte laguntzak murriztuko dituztela eta horrek bereziki emakumeei eragingo diela, batik bat seme-alabak dituzten emakume bananduei, lan egonkorrik ez dutenei eta errenta baxuko pentsiodunei. Era berean, pentsioen erreformak emakumeengan izango dituen ondorioak ekarri zituen gogora mugimendu feministak: «Lan bizitza 67 urtera luzatuko du, eta %100 jasotzeko 37 urtez lan egin beharko da. Eta zein dira lan ezegonkorrenak, kotizazio gutxiago dutenak eta haurrengatik edota zainketengatik lan arteko zuloak dituztenak? Gu, emakumeok».

Manifestazioan Donostiako Udala ere salatu zuen mugimendu feministak, berdintasun plana eta Berdintasun Saila izanagatik ere, «etxez etxeko langileak azpikontratatuak dituelako, udal bereko beste edozein azpikontratatan baino egoera okerragoan».

Emakumeak, gehien kaltetuak

Gazteluko plazatik atera zen Iruñean atzo iluntzean egindako manifestazioa, eta han ere krisiaren ondorioz emakumeak pairatzen ari diren egoera salatu zuten 3.000 lagun inguruk. Feministok bizitza duinera salto zioen pankartaren atzean, borroka feministaren aldeko leloak oihukatu zituzten manifestariek, aterkipean eta giro alaian. Emakumez osatutako batukada batek girotu zuen manifestazioa, eta ez ziren falta izan inauterietako mozorroak ere.

Ekonomikoa ez ezik, krisia soziala ere badela nabarmendu zuten antolatzaileek manifestazioa amaitu ondoren, eta horrek «sexuen arteko harremanetan» ere eragiten duela gaineratu. «Gu gara gehien kaltetuak eta gehien ahaztuak. Pobrezia areagotu egingo da, eta emakumeon aurkako indarkeriak gora egiteko aukera anitz daudela kontuan eduki behar dugu. Egoera hau amaitu arte salatzen eta aurre egiten jarraituko dugu».

Hain zuzen ere, Iruñeko manifestazioan adierazi zuten emakumeen borroka eta borroka feminista ez daudela «inola ere krisian».

Aginte esparruetatik bultzatzen den gizarte eredua ere kritikatu zuten Iruñean, «berdintasun faltsua» sustatzen duelako: «Arazoaren muina ez du azaleratzen, hau da, emakumeak beti bigarren sexutzat hartuak izan garela». Maider Vilchez Atarrabiako Emakumeen Asanbladako kideak irakurri zuen euskarazko testua.

Emazteen borroken nazioarteko egunaren karietara hamarnaka emazte elkarretaratu ziren Baionako herriko etxearen aitzinean, eta, bertzeak bertze, emakumeek pairatzen duten bortizkeriari buru egin ahal izateko lege markoa eskatu zuten. Legeak biktimak eta haien ingurukoak laguntzeko balio baldin badu Bilbon, Baionan balio bera ez ukaiteko arrazoirik ez dagoela nabarmendu zuten. Historiaren gurpilean emazteek borrokaren bidez irabazitako eskubideak ekarri zituzten gogora.

Gasteizen ere 1.500 lagun inguru bildu ziren arratsaldeko zortzietan, San Anton plazan, Martxoaren 8ko manifestazio nagusian parte hartzeko.

Bilbon, aratuste giroan

Euskal Herriko beste hiri eta herri askotan bezala, aratuste giroan egin zen iluntzeko manifestazioa Bilbon. Gora emakumeen borroka eta Feminismoa, inoiz baino beharrezkoago jartzen zuten bi pankartaren atzetik milaka lagun joan ziren manifestazioan. Inauteri giroa nagusi izan zen martxa osoan, eta jende asko azaldu zen mozorrotuta. Hain zuzen, martxa sardina batek itxi zuen. Izan ere, aurten udalak sardinaren erretzea manifestazioaren ordu berean jarri du, eta konpartsek erabaki zuten sardinaren erreketa propioa antolatzea.

Manifestazioan genero indarkeriaren eta prostituzioaren kontrako leloak eta emakumeen eskubideen aldekoak entzun ziren beste batzuen artean: Ez, ez, ez, erasorik ez; Erasorik ez erantzunik gabe; Atzerapausorik ez gure eskubideetan, Prostituzioa esklabotza da...

Bilboko manifestazioan eragile sozial eta politiko ugari bildu ziren: Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Unai Sordo CCOOkoa, Tasio Erkizia ezker abertzalekoa, Txema Oleaga PSE-EEko Bilboko zinegotzia...

(Testua Ibai Maruri, Aitor Renteria, Iñigo Astiz eta Mikel Lizarralderen artean idatzi dute)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.